EDU URIBE: “Behobia-Donostia ez dut modu konpetitiboan hartzen, festa moduan baizik”
25.000 lagun inguruk hartu zuten parte, domekan, Behobia-Donostia lasterketan. Tartean 83 eibartar izan ziren eta, nola ez, Edu Uribe ere bertan izan zen. Bere 32. aldia zen Gipuzkoako lasterketen ikur den honetan (1989. urtean egon zen lehen aldiz) eta, marka lortzeko helburu barik, gozatu egin zuen 20 kilometrotan zehar.
Elgoibarren bizi den eibartar honek oso gaztetatik izan du antxintxiketan egiteko zaletasuna. Korrika egitea hain modan ez zegoen sasoian hasi zen eta, errepidean aritzeaz gain, mendian ibiltzea biziki gustatzen zaio, hainbat abentura bizi izan dituelarik.
Zer moduz joan zitzaizun azken Behobia-Donostia lasterketan?
Ebakuntza egin didate apendizearen alboan eta ez naiz hain topera ibili, baina tradizioa da Behobia-Donostia egitea eta joan nintzen. Aurtengo edizioa oso ona izan da. Eguraldiaren aldetik, eguzkia egin arren, 12-13 gradu zeuden, giro bikaina korrika egiteko. Gainera, ez zuen haizerik egin eta kostaldera heltzean ez zigun kaltetu. Antolakuntzaren partetik, esan behar da urtero gero eta hobeagoa dela. Agian gauza txikiak dira, baina adibidez irteerara ahalik eta erosoen heltzeko informazioa helarazten dute, komunetan jendea noiz sartu kudeatzen dute...
Ez da erraza izango, jende ugarik hartzen duelako parte.
Bai, parte-hartzaile kopuruari muga jarri diote. Aurten 27.000 lagun inguruk eman zuten izena, baina azkenean 25.000 inguruk hartu dugu parte. Emakumezkoen parte-hartzea ere asko igo da azken urteotan.1990ean parte-hartzaileen %5 edo %8 zen emakumezkoa eta gaur egun %30 da. Antolakuntzaren helburua %50era heltzea da eta lortuko dutela uste dut.
Nola moldatzen zarete hainbeste jenderen artean korrika egiteko?
Batzuetan traba egiten diogu elkarri (barreak). Orain dela urte batzuk lasterketariok ez genuen txipik erabiltzen eta Bulevardeko helmugara iristerakoan gure dortsala ikustean eskuz hartzen zuten denbora. Beraz, irteeran kronometroa guztioi batera jartzen zigutenez martxan, denok nahi genuen ahalik eta arinen irten. Gero, txipa sartu zutenean, irteera kajoika egiten hasi ziren, koloreen bitartez ezberdinduz, bakoitzak duen denbora-markaren arabera. Horrela, jende asko dagoen arren, irteeran ez da kolapsorik gertatzen. Hori bai, bidean zehar beti duzu jendea alboan korrika egiten.
Zer du Behobia-Donostia lasterketak hain arrakastatsua izateko?
Euskal Herriko lasterketarik zaharrenetakoa da. Lehen edizioa 1919an egin zen eta Juan Mugerza elgoibartarrak irabazi zuen. Alpargatekin egin zuen lasterketa, zoru guztia asfaltatu gabe zegoenean, eta ordubete eta 17 minututan egin zuen. Gerra Zibilarekin etenda egon zen, baina gero berreskuratu egin zuten eta beti izan da lasterketa aitzindaria. Nire kasuan, 19 urterekin aritu nintzen lehendabizi, irakasleak animatuta. Gustatu zitzaigun eta tradizio bihurtu da bertara joatea.
Parte-hartzaile askok lasterketa inguruan sortzen den giroa nabarmentzen du, bide guztian dagoelako jendea animatzen. Nola bizi da hori barrutik?
Hasieran Joseina Etxeberria egoten da musika jartzen eta animatzen, oso ohikoa da Errenteria inguruan txistulariak eta danbor-joleak egotea, Ategorrieta hasieran batukada talde bat izaten da, Pirata famatua ere beti dago bide ertzean... Animazioa uneoro dago. Gainera, kanpotik datorren jendeak, kataluniarrek adibidez (6.000tik gora etorri dira), kirol-turismoa egiten dute eta, lasterketan parte hartuko dutela aprobetxatuta, inguruak bisitatzen dituzte, sagardotegira doaz, eta abar. Batzuek, Donostia inguruan tokirik aurkitzen ez dutenez, Eibarren edo Ermuan hartzen dute ostatu.
32. ediziotan parte hartuta, imajinatzen dugu anekdota ugari izango dituzula, ala?
Bai, pila bat! Hasierako edizioetan denbora ona egitea nahi izaten nuen, baina gero lagun giroko lasterketa bihurtzen joan da eta lagunak parte-hartzera animatzen ibili naiz. Emaztea ere horrela hasi zen, lehen ez zuen korrikarik egiten, baina Behobiarako prestatu zen eta orain urtero egiten du. Behin, anaiarekin joan nintzen eta berandu genbiltzan irteerara iristeko. Orduan, Irunera trenean joan ginen eta handik korrika joan ginen Behobiaraino. Guztira 23 km egin genituen! (barreak).
Gaur egun nola hartzen duzu lasterketa hau?
Lasterketa honek egoera fisiko onean egotera behartzen zaitu. Behobia-Donostia egingo ez banu, lasaiago ibiliko nintzateke, baina lasterketa egiteko helburua dudanez, prestatu egin behar izaten dut. Ez dut modu konpetitiboan hartzen, sasoi haiek pasa ziren, eta festa moduan hartzen dut. Ondo pasatzera joaten naiz. Emaztea eta biok egiten dugu, eta guretzako hartzen dugun asteburua da. Hiru seme-alaba ditugu eta gure asteburua izaten da Behobiakoa.
Jai-giroa eta festa aipatzen dira, baina azkenean 20 km dira. Ez da txantxa. Errespetua zor zaio lasterketari?
Noski! Distantzia luzea da, aldapak daude eta, errepidean egiten da, iztarretan sortzen den ohiko minarekin. Beraz, ondo entrenatu behar da. Adibidez, prestakuntza ona izan daiteke Aixolako presara igotzea eta bertan buelta bat ematea. Ondo prestatzen baduzu, lasterketa lasaiago egin dezakezu eta hurrengo egunetan ere hobeto sentituko zara. Bero handia egin duenean edo norberak bere buruari gehiegi eskatu dionean heriotzak gertatu dira.
Badirudi gero eta jende gehiagok egiten duela korrika. Hasi zinenean berdina zen?
Gure irakasleek bai esaten ziguten euren sasoian jendeari oso arraroa egiten zitzaiola jendea fraka motzetan korrika ikustea, baina ni hasi nintzen sasoian normalagoa zen. Gizonezkoak bazeuden, baina egon den aldaketa nagusiena emakumeen artean eman da. Izugarri hazi da antxintxiketan dabilen emakume kopurua. Emakumeen ahalduntzean laguntzen duela ere uste dut. Kirola egitea ona da osasun fisikoarentzat eta baita mentalarentzat ere. Sozializatzen asko laguntzen du, zuzenean eta birtualki. Behobiak, adibidez, asko lantzen du hori, argazkiak eta bideoak jartzen dituelako parte-hartzaileen esku gero eurek partekatzeko. Jendeak asko demandatzen du hori. Guk geuk Galdaramiñoko Igoera antolatzen dugu eta aurten, lehenengo aldiz, argazkilaria kontratatuko dugu.
Lasterketan bizitakoa partekatzeko gogo hori, argazkiez gain, egindako denborekin ere gertatzen da, ezta?
Bai, hori da. Sozialki egiten bada ondo dago, baina badago nolabaiteko obsesioa duen jendea eta neurria hartu behar zaio, edozein gauzatan bezala. Ahal bada, jendearekin korrika egitea gomendatzen dut. Unben pista ederra dugu eta talde polita elkartzen gara korrika egiteko. Deporreko atletismo taldeak lan polita egiten du kirola bultzatzen.
Errepideko lasterketez aritu gara, baina beste alor batzuetako probatan ere ibili izan zara, ezta?
Bai, ultradistantzia lasterketak egin ditut, baina gaur egun ez. Orain, neure kabuz egiten ditut. Adibidez, Pirinioetako zeharkaldia zortzi aldiz egin dut modu autonomoan. Hiru seme ditut, 25 ikasle, eta niretzat denbora behar dut (barreak). Irakaslea naizenez, udan denbora izaten dut eta emazteak joateko esaten dit (barreak). Berak ere pare bat aldiz egin du zeharkaldia. Bestalde, mendiko lasterketei dagokionez, Hiru Handiak (1989an lehen aldiz), egin izan dut, eta atzerrian ere egon naiz, adibidez Spine Race lasterketan.
Nolako lasterketa da Spine Race?
Neguan egiten da, Ingalaterra eta Eskozia artean. Manchester alboan dagoen Edale izeneko herri batean hasi eta Kirk Yetholmen amaitzen da. 430 kilometroko lasterketa da eta astebete duzu ibilbidea burutzeko. Bidean kontrol-puntu batzuk zeharkatu behar dituzu eta, bertan, afaria eta lo egiteko aukera izaten duzu. Hori bai, zuk zeuk eraman behar duzu bizirauteko materiala. Bidea ez da markatuta egoten. Mapa ematen dizute, ibilbidearen track-a GPS-an sartzen duzu eta horrela moldatu behar zara. Beraz, orientatzeko orduan iaioa izan behar zara, mendian galtzen bazara lasai egon, txabola batean lo egin... Lehenengo bi aldietan ez nuen lasterketa amaitu, baina hirugarrenengoan bai.
Antzeko zein beste lasterketatan egon zara?
Italian, Aosta bailaran, 300 kilometrotik gorako beste lasterketa bat egin dut bost egunetan. Hortaz aparte, aipatu bezala, Pirinioetako zeharkaldia egin dut batez ere. Higer lurmuturra eta Cap de Creus lotzen dituen GR11 bideari jarraituz egiten da zeharkaldia (badago mendi tontorretara igotzen den beste ibilbide bat ere, HRP, High Route Pyrenees; edo Frantzia aldetik dihoan beste bat, GR10).
Pirinioetako zeharkaldia egiteko, zeure kabuz egiten baduzu, nola moldatzen zara lo egiteko, jateko, eta abar?
Gaur egun, ibilbidea ezagutzen dudanez, badakit zein herri, camping, aterpe, iturri edo denda aurkituko ditudan bidean, eta horrek asko laguntzen du eraman beharrekoa zer izango den pentsatzeko orduan. Ezagutzen ez baduzu, gauza gehiago eraman behar dituzu, badaezpada. Lehenengo aldian pisu handia eraman nuen gainean eta 31 egun behar izan nituen bidea egiteko. Orain, ordea, arinago noa eta asko ere egun gutxiago behar izaten ditut. Gainera, mentalki ere lagungarria da. Bestalde, bidan zehar ez zaude inoiz bakarrik, zu bezala bidea egiten ari den jendearekin topo egiten duzulako.
Distantzia luzeko ibilaldi hauek egiteko, nolako prestaketa egiten duzu?
Euskal Herrian Ibilbide Luzeen Zirkuitua dugu eta, Eibarko Itzulia bezala, beste hainbat daude: Hernanikoa, Durangokoa... 30-40 kilometroko martxak dira, badaude luzeagoak ere, eta prestatzeko balio dute. Bestalde, neure kabuz ere Unbera joaten naiz, besteak beste.
Proba hauek oinez egiten dituzu ala korrika ere ibiltzen zara?
Oinez. Hasieran, lasterketak egiten nituenean (Aizkorriko maratoian, Urkoko Igoeran eta Karakateko Igoeran, adibidez), korrika egiten nuen, baina orain, 54 urterekin, oinez egiten dut eta oso gustora gainera! Prozesu bat da eta bizitza honetan aldaketetara egokitu behar zara.
Gauza bat arlo fisikoa da, baina burua ere ondo prestatu behar da, ezta?
Jendea postu edo denbora bat egitearekin obsesionatu egiten da, baina gerta daiteke lesionatzea edo beste ezustekoren bat gertatzea, agian bizkorregi jaisten ari direlako edo dena delakoa. Norberarekiko eta mendiarekiko errespetua eduki behar da, eta baten bat erortzen bada, laguntza eskaintzea. Balore horiek eduki behar dira, batez ere menditik ikasi ditugunak. Gero, balio horiek eguneroko bizitzan aplikatzen dituzu. Gaur egun bai ikusten da mendiko lasterketetan txirrindularitza edo atletismo mundutik datorren jendea dagoela, eta agian, galdu egiten dira eta lasterketa lagatzen dute. Mendian ibili garenok, ostera, galtzen bagara, beste norbaiten zain geratzen gara eta kitto.
Mendiko lasterketen hazkundearekin, aipatutako balio horiek galtzen ari direla uste duzu?
Kutsatzen ari da. Gizartea bizkor bizi da eta asko kritikatu da lasterketen mundua mendian sartzea. Betiko mendizale batzuek ez dituzte hain ondo ikusten mendiko lasterketak. Beste alde batetik, korrika egiteko afizioa mendiarekin uztartu ahal baduzu, inori kalterik egiten ez badiozu, errespetuz jokatzen baduzu eta zikinkeriarik lagatzen ez baduzu, ondo dagoela pentsatzen dut. Antolakuntzakoek horretarako baliabideak eskaini behar dituzte eta parte-hartzaileek kontzientzia eduki behar dute.
Zu zeu Galdaramiñoko Igoeraren antolakuntzan zaude. Hurrengo edizioa prestatzen ari zarete dagoeneko?
Bai, 2025eko ekainaren 15ean 15. edizioa egingo dugu. Lan handia egin behar da lasterketa bat antolatzeko, baina polita da era berean. Gauza asko eduki behar dira kontuan eta gauza asko ikasten dituzu. Gainera, urtetik urtera proba hobetzen saiatzen gara. Datorren urtean, adibidez, beste ibilbide laburrago bat egiteko aukera eskainiko dugu (proba nagusiak 18 km ditu eta 9 km-ko bat prestatu dugu). Horrez gain, umeekin egiteko beste ibilbide laburrago bat ere antolatu nahi dugu, Unbe inguruan, zaletasuna bultzatzeko.
15. edizioa izango bada, errotuta dagoen seinale.
Hori dirudi. Emakumeen parte-hartzea ere igo egin da (iaz parte-hartzaileen %25 izan ziren) eta, bestetik, adimen urritasuna duten pertsonek ere parte hartzen dute. Donostia, Zarautz eta hainbat tokitatik etortzen dira, begiraleekin, eta demaseko eguna pasatzen dute lasterketa egiten.