Edu Zabala (idazlea): “Noizbait Eibarri buruzko eleberria idatziko dut”
- Donostian bizi bazara ere, jaiotzez eibartarra zara. Baduzu harremanik Eibarrekin?
Ikasketa unibertsitarioak egitera Sevillara joan nintzen, 1976an, hori izan zen nire lehen aldentzea; gerora, Lehen Hezkuntzan irakasle bezala bi ikasturte eman ondoren, Eibarko Itzion eta Elgetan,1983an Irunera joan nintzen Lanbide Heziketa institutu batera, eta harrezkero Eibartik kanpo bizi izan naiz. Badut harremana Eibarrekin eta nire koadrilarekin; urtean behin San Andresetan bazkaria egiten dugu, eta hortik kanpo ere egoten gara elkarrekin; ez dut galdu harremana, are gehiago esango nuke, gure koadrilan, nahiz eta gehienak Eibartik kanpo bizi, ahalegin berezia egiten dugu elkarrekin egoteko. Ama ere Eibarren bizi dut, eta horretaz gain, esan beharra daukat badudala zirriborratua eleberri bat, Eibarri buruz, armagintza ardatz, noizbait idatziko dudana.
- Zazpi urteko isilunea eta gero "Inauterietan, gizakia naturaren kontra" liburua kaleratu duzu. Zein da liburuaren mamia?
Liburuan saiatzen naiz argudiatzen, inauterietan, Naturarekiko dugun ustezko nagusigoa antzezten dugula. Hasiera batean kaosa zen nagusi, naturaren indarra sekulakoa baitzen eta gizakiak burua makurtzea besterik ez zuen Naturaren legeen aurrean; gerora, poliki-poliki eboluzionatzen joan gara eta Naturari zor diogun errespetua galtzen joan gara, hainbesteraino non sinisten dugun gu garela nagusi eta ustiaketa horrek ez duela ondoriorik izango. Liburua bost ataletan banatu dut: Kaosa mitologian, kaosa eta beldurra, kaosaren antolakuntza, inauteriak eta bukatzeko, borrokak dirau deitzen dudana
- Beraz, liburua inauteria kaosarekin lotzen duen saiakera bat da...
Bai, lehen esan bezala, iraganean, orain eta beti hiru kaos mota izan dira: naturarena, piztiena eta gizakiarena; gure arbasoek ez zekiten azaltzen gertatzen ziren fenomeno guzti horiek (lurrikara, uholde, tximista, ekaitz, izurrite, gaisotasun, etab. luze bat) eta hori guztia ordenatu behar zuten bere osasun mentala mantentzeko eta beraien munduari nolabaiteko azalpena emateko; orduan, kultura guztietan, mitoak sortu zituzten: Ortzi izango zen tximisten egilea, Mari bere suzko gurdiarekin, gaur egun ezagutzen dugun kometa, MIkelats ekaitzen sortzaile eta beste hainbeste. Mito horiek ordenatu ondoren, betekizunak eta izaera emanez, horietariko batzuk Inauterietara ekarri eta antzezpen bat antolatu zuten. Horra hor lotura.
- Nolako berezitasunak dituzte Euskal Herriko inauteriek munduko beste batzuekin alderatzen baditugu?
Nire proposamen honetan Bulgariako Kuker inauteriaren zertzelada batzuk agertzen dira eta ikusten da antzekotasun handia dutela gure joaldunekin, bai funtzioetan, bai itxuran. Konparatzen ditut baita ere Zuberoako maskaradetako dantzarien jauziak Afrikako masai tribuaren dantzariekin, haiek ere jauzi egiten baitute, euria erakartzeko. Bi aipamen horietaz gain eta mitoei lotuta, gauza jakina da mitoak unibertsalak direla, tokian tokiko bereizgarriekin, baina denek antzeko funtzioak betetzen dituzte, hots, fenomenoen, kaosaren azalpen ordenatua eta mailakatua. Nik lau nekazal inauteri hartu ditut: Ituren eta Zubietako joaldunak, Lantz, Altsasuko momotxorroak eta Zuberoako maskaradak. Luze joko luke horien azalpenak, baina oso inauteri aberatsak dira, bai estetikoki bai barnean daramaten karga sinbolikoagatik.
- Autoedizioaren bitartez kaleratu duzu zure azken liburua. Honek zer esan nahi du? Nolako zailtasunak dituzue idazleek gaur egun zeuen lanak argitaratzeko?
Autoedizioa jarrera pertsonala izan da, nire sormenaren eta sortutako produktuaren inguruko jarrera. Orain arte argitaratu DIDATEN liburuetan prozesua zen: liburua atera, aurkezpen BAT egin, eta hortik aurrera ba, nolabait esatearren, itxoin ea nola zihoan; agian eskema horretan ere posible nuen askoz gehiago egitea liburua nik neronek promozionatzeko, baina utzikerian erortzea errazago da. Horretaz gain, nahiz eta Euskal Herrian literaturatik bizitzea pentsaezina den ni bezalako idazle xume batentzat, argitaletxea %90rekin geratzen zen; autoedizioa, ordea, zuk kontrolatzen duzun prozesua da eta parafernalia editorial horretatik ihes egiteko aukera ematen dizu; gainera, zure ume kuttuna denez, zu zeu mugitzen hasten zara kontaktuen eta lagunen bidez eta hori esango nuke izan dela niretzat, liburu honekin, esperientziarik politena, hau da, hitzaldiak ematearena, jendea ezagutzearena, toki berriak aurkitzearena eta komunikazio pertsonala garatzearena; benetan merezi du.
- DBHko irakaslea zara, beraz harreman zuzena daukazu gazteekin. Badute irakurtzeko zaletasuna?
Irakurtzeko zaletasuna ez nire garaian ezta orain ere; nik uste dut hor, hezkuntzak asko findu behar duela zer liburu mota eskaini eta zer teknikak eman ludikoa izan dadin, eta ez azterketarako gaia bakarrik. Baina irakurtzeko zaletasuna komikien bidez ere garatu daiteke, adibidez, baina ez da literatura konsideratzen; oso puristak gara.
Teknologia berriek arlo guztietan dute eragina: mezuak, sare sozialetan adibidez, oso motzak, azalekoak dira, itxurakeria intelektualaren gizartean bizi gara, "postureo" mentalean, alegia. Dena izan behar da azkarra, bisuala, motza, stressantea azken batean.