Eduardo Zubiaurre Uri Batzar berrituko buru izendatu dute jeltzaleek
EAJ-PNVko Uri Batzarrak aurrerantzean Eduardo Zubiaurrek zuzenduko duela eman dute aditzera gaur Batzokian eskainitako prentsaurrekoan. Agerraldian esandakoaren arabera, Eibarko EAJ-PNV "gaztetu eta berritzeko" prozesuak aurrera dirau eta, ildo horretan, herri mailako exekutiban kide berriak sartu dituzte. Lehenagotik ere Uri Batzarrean zeuden Karlos Gonzalez eta Maria Jesus Agirregomezkortari berri hauek gehitu zaizkie: Julian Eraso, Oskar Alberdi eta Asier Albizu zinegotzi-ohiak; Iker Laka, Ivan Iriondo eta Asier Feijoo EGI-ko kideak; eta Igone Lazpita, Josu Agirre, German Anitua eta Alexander Arriola. Eduardo Zubiaurre taldeko buruarekin, hamairu lagunek osatzen dute gaur egungo Uri Batzarra. Eduardo Zubiaurrek azaldu duenez, "gure lehentasuna eibartarren alde beharrean jarraitzea da eta, bide horretan, Eibarko ekonomiari berpizten lagunduko dion Plan Estrategikoa lantzen dihardugu, egoeraren diagnostikoa egin eta gauzak hobetzeko zer egin behar den zehazteko". Horrez gain, herritarren iritziak eta proposamenak jasotzeko prest daudela esan dute. Horretarako, nahi duenak Batzokira (Ego Gain 1, 1 D) zein udaletxean daukaten bulegora jo dezake edo, bestela, telefonoz deituta (943120616 Batzokian, 943708430 udaletxean) edo e-maila idatzita (pnv-eibar@euskalnet.net / pnv@eibar.eus) helarazteko aukera dago.