END plataformak udal taldeekin bilera erronda egingo du, etxerik gabeko pertsonen inguruko mozioa aurkeztu aurretik

Urriko osoko bilkurara eraman aurretik, Eibarko udal talde guztiekin proposamena lantzea eta ekarpenak jasotzea du helburu.
END plataformak udal taldeekin bilera erronda egingo du, etxerik gabeko pertsonen inguruko mozioa aurkeztu aurretik
2026/10/05 12:43
Irati Alvarez Malaxetxebarria

END Eibarko etxerik gabeko pertsonen egoerari buruzko mozioa urrian aurkezteko prestatzen ari da, eta, aurretik, udal taldeekin bilera erronda egitea erabaki du. Plataformak azaldu duenez, azken hilabeteetan udalarekin izandako hainbat esku-hartzeren ondoren, udal taldeetako ordezkariek proposamena hobeto ezagutzeko interesa agertu zuten.

Helburua da mozioaren edukia zehatzago azaltzea, talde politikoen jarrera ezagutzea, zalantzak argitzea eta ekarpenak jasotzea, osoko bilkuran ahalik eta babes politiko handiena lortzeko.

Plataformak 3.040 sinadurarekin babestutako proposamena dela gogorarazi du. «Aterpe bat, eskubide bat» lelopean, Eibarren etxerik gabeko pertsonei ematen zaien arretaren inguruko neurriak eskatu ditu.

ENDek uztailaren 27an eta irailaren 15ean bidali zizkien mezuak udaleko talde politikoei. Plataformaren arabera, PSE-EEk oraindik ez du erantzun. EH Bilduk, berriz, bilera egiteko prest dagoela jakinarazi du, eta datozen egunetan zehaztuko dute hitzordua. EAJk ere baiezkoa eman zuen eta Udala jarri zuen bilera zehazteko harremanetan, baina ENDren arabera, egindako saiakerak oraingoz ez dira gauzatu. Elkarrekin Podemos taldearekin, berriz, lehen bilerarako data zehaztuta dute.

ENDek espero du talde guztiekin hitz egin ahal izatea urriko osoko bilkura baino lehen. Plataformaren asmoa da proposamenaren inguruko zalantzak eta ekarpenak aldez aurretik lantzea, ahalik eta adostasun handiena lortzeko.