[BIDEOA] Herri-kirolen Euskal Jaialdia Youtuben ikusgai dago

[BIDEOA] Herri-kirolen Euskal Jaialdia Youtuben ikusgai dago
2022/06/20 13:08
eta kitto!
Herri kirol erakustaldi eta leiha hartu zituen Untzaga plazak atzo eguerdian, …eta kitto! Euskara Elkarteak antolatutako 27. Euskal Jaialdian. Goizeder Beltza, Alex Txikon, Hodei Ezpeleta, Julen Mendieta, Joxean Etxeberria eta Ernesto Ezpeleta “Bihurri” aizkolariekin batera, Olaia Esnaola 15 urteko harri-jasotzailea, Nerea Egurrola txinga-eramailea eta Karlos Aretxabaleta Iparraldeko jokoetan aritu ziren.

Betiko lez, jaialdiaren lehen zatian hainbat erakustaldi eskaini zituzten: Iparraldeko jokoekin hasi ziren, lasto-altxatzen; ondoren, Olaia Esnaolak 50 kiloko zilindroarekin 15 jasoaldi egin zituen; jarraian, ingudea minutu batean jasotzen aritu ziren Nerea Egurrola eta Karlos Aretxabaleta; jarraian, berriz ere harri-jasotzailearen txanda ailegatu zen, 50 kiloko kubikoarekin eta, aizkolarien arteko desafioa amaitu eta, jarraian egindako txinga erakustaldiarekin itxi zuten Jaialdiaren lehen zatia.

Lehiaketarako, berriz, hiru talde osatu zituzten: Hodei Ezpeleta, Joxean Mendieta eta Karlos Aretxabaleta; Goizeder Beltza, Alex Txikon eta Olaia Esnaola; eta Ernesto Ezpeleta "Bihurri", Joxean Etxeberria eta Nerea Egurrola. Bete beharreko lana, berriz, hau izan zen: 8 korte aizkoran eta, bi kortetik bi kortera, txingekin buelta bat (Nerea eta Karlos) edo, Olaiaren kasuan, hiru jasoaldi bolarekin. Amaitzeko, hamar buelta antxitxiketan. Eguzkipean eta bero handiarekin, lehia ordubetetik gora luzatu zen eta lehenak amaitzen Bihurri, Etxeberria eta Egurrola izan ziren. Hori izan da, beraz, aurtengo hirukote txapelduna. Bigarren postuan Hodei, Mendieta eta Karlos sailkatu ziren eta hirugarrenean Beltza, Txikon eta Olaia. Edozein modutan ere, denek eman zuten beraien onena saio biribila eskaintzeko eta denei eman zitzaien kopa bana.

Bestalde, aurten lehen aldiz streaming bidez eman dugu ekitaldia, gure Youtube kanalaren bidez eta hemen daukazue osorik ikusteko aukera: