Egigurentarren eta Sostoatarren kaleen arteko eskailera berriak ipintzen hasi dira

Lehengo eskailerek zeukaten sistema osoa kendu behar izan dute, guztiz berria den beste batengatik ordezkatzeko.
Egigurentarren eta Sostoatarren kaleen arteko eskailera berriak ipintzen hasi dira
2025/11/27 17:36
Silbia Hernandez Arrazola

Azaroko lehen egunetan hasi ziren Egigurentarren eta Sostoatarren kaleen arteko eskailera mekanikoak aldatzeko obrak, eta dagoeneko ailegatu dira eskailera berriak. TK Elevadores España enpresari esleitutako lanek 25 aste inguruko iraupena izango dute, eta inbertsioa 270.000 eurotik gorakoa izango da. 
Lanak hastear zirela Jon Iraola Eibarko alkateak esan zuenez, berritze-lan hau “beharrezko jarduketa” bat da, orain dela gutxira arte martxan egon diren eskailerak “beren bizitza erabilgarriaren amaierara” iritsi zirelako, eta azken aldian “arazo asko” eragiten zituztelako. Alkatearen berbetan, “herritarrak eroso mugitzea nahi dugu, bereziki pendiz handia duten guneetan. Badakigu zer garrantzitsuak diren halako azpiegiturak, eta horregatik, beharrezkoa denean, mantendu ez ezik, berritu ere egiten ditugu”.
Eskailera berriak ipini ahal izateko lehengo sistema osoa kendu behar dute, ondoren “eskailera modernoagoak, isilagoak eta energetikoki eraginkorragoak” jartzeko.