Eguaztenean abiatuko den XX. Musikaldiak lau abesbatza ekarriko dizkigu Coliseora

Eguaztenean abiatuko den XX. Musikaldiak lau abesbatza ekarriko dizkigu Coliseora
2012/10/22 00:00
eta kitto!

Tolosako Lehiaketaren helburua da herrialde bakotxeko estilo, interpretaziño, abesbatza literatura eta ahots heziketa trukia egitteko asmuarekin, munduko abesbatza edo koru onenak biltzia eta, bide batez, Euskal Herriko musika tradiziñua eta kultura ezagutzera emotia. Aurtengo txapelketan Alemania, Eslovenia, Estatu Batuak, Erresuma Batua, Filipinak, Finlandia, Frantzia, Indonesia, Irlanda, Letonia, Ukraiñia eta Venezuelako abesbatzak hartuko dabe parte.
Ahots nahasixetako zazpi (20 eta 40 abeslarixen artekuak) folklore eta polifonia  modalidadietan lehiatuko dira eta ahots-taldeko beste hamarrak (4tik 16ra arteko abeslarixekin) musika erlijiosua eta profanuaren modalidadietan parte hartuko.
Krisixak eraginda, aurkezpen kontzertua eta kontzertu berezixa kendu dittue programaziñotik, beste gauza batzurekin batera: tartian, antolatzailliak behartuta ikusi dabe euren burua Haurren Lehiaketia kentzera, “ahal dogun bezain azkar errekuperatzen saiatuko bagara be”.
Lehiaketako emanaldiez aparte, abesbatzak beste hainbeste kontzertu eskinduko dittue Euskal Herrixan zihar, guztira 70etik gora. Hórrek kontzertuok dira, estatu osotik etorrittako koru-musika zaliekin batera, “jardunaldixeri giro aparta eta bizixa emoten detsenak”. Leidor antzokixan azaruaren 1etik 4ra arte emongo dira kontzertuak eta, horren aurretik, gure herrixan izango dira lehen aittatutako lau koruak. Lehelenguak, Kiev Ukrainako hiriburutik datorren Credo abesbatzak eguaztenian, hillaren 24an, eskinduko dau saiua Coliseoan, arratsaldeko 20.30xetan hasitta. Sarrerak 3 eurotan salduko dira. Prezio eta ordutegi bera izango dabe hurrengo hiru saiuak be, hillaren 28tik 30era bittartian eskinduko diranak.
Domekan Riga Letoniako hiri-burutik datorren The Latvian Voicesek abestuko dau. Hurrengo egunian, astelehenian, Frantziako Ladapeyretik etorrittako Quatour Meliadesek kantatuko dau. Eta, amaitzeko, hillaren 30ian, martitzenian, Filipinetako Cebu hiritik honaiño etorrittako University of the Visayas Choralek emongo dau bere onena.
Unibersidade Laborala Tolosatik honaiñoko bidia egitteko iniziatibia Unibersidade Laboraletik sortu zan. Bertatik esan deskuenez, “Txema Cornagoren esku hasi ziran, on dala hamarkada bi, beste aktibidadien artian: Txotxongilluen jaialdixa be halan hasi zan. `Extensión Coral de Tolosa´ deitzen zan. Urtero koro bat egoten da hamen instalauta, inguruko herrixetara kontzertuak emoten hau base moduan hartuta. Oinguan filipinarrak izango dittugu: 26xan helduko dira eta azaruaren 5ian lagako gaittue. 35 abeslarik osatzen dabe taldia izango da gure artian”.

Abesbatzak
Credo
Urriaren 24an abestuko daben taldia 17 emakumek eta 19 gizonezkok osatzen dabe, Bogdan Plish zuzendarixaren aginduetara. Kamara Abesbatz hori 2002xan sortu zan Grechaninov-en liturgia domestikua interpretatzeko. Hasieratik melomanuak erakarri zittuan eta herrialdeko eragiñ haundiko musikarixen kritika paregabiak izan zittuan. Ukraniako ekitaldi kultural ospetsuenetan ohiko gonbidatua dogu. 2005etik 2012ra Errusian, Polonian, Alemanian, Italian, Holandan eta Suitzan abestu dute. Poloniako “Hajnówka-2005” Eliz Musikako XXIV. Naziñoarteko Lehiaketako irabazliak izan ziran eta parte hartu dabe Rottenburgeko Eliz Musikako IV. Naziñoarteko Lehiaketan: hor abesbatzak egiñ eban parte-hartzia lehiaketako momenturik gorenena moduan irudikatu eben kritikuak.

The Latvian Voices
Urriaren 28xan abestuko daben taldia 7 emakumek osatzen dabe. Letoniako Riga hiriburuko gaztiak osatzen dabe korua eta, itxurakerixarik bako soiñuaren bittartez, eta euren ahots garbi eta naturalarekin lagunduta, abesten daben toki guztietan entzulerixa harrapatzia lortzen dabe eskintzen daben interpretazio dotoriarekin. Halanda be, ez dira estilo zihatz batian zentratzen eta euren errepertorixua etengabe zabaltzia gustatzen jakue, hasi Berpizkunde sasoitik eta gaur egun arte, gregorianotik folk musikara edo swing-era pasatzen diran moduan. Gurian eskinduko daben errepertorixuak Letoniako musikarixen lanak erakutsiko dittu, haiñ eurena dan folklore aberatsarekin kasu batzuetan eta musika garaikidiari helduz beste askotan.

Quatuor Meliades
Urriaren 29xan abestuko daben taldia 4 emakumek osatzen dabe, Marion Delcourt zuzendarixaren aginduetara. Anaïs Vintour, Delphine Cadet, Marion Delcourt eta Corinne Bahuaud-en arteko alkartze artistikuari esker sortu zan, 2006xan. Ibilbide desbardiña eta aberatsa izan daben talde horren filosofixia emakumezkuen ahots musika ahalik eta entzulego zabalenari helaraztia da. Horretarako, oso gitxi zabaldu dan XX y XXI. mendeko polifonia ezagutzera emon nahi dabe, musikagille barrixen belaunaldixarekin alkarlanian. Atzerriko herri musika gustokua badake be, bereziki Frantziako herri musikia lantzen dabe: musikagille barrixen lanak, melodia tradizionalak horren konponketetan dagualako. Euren errepertorixua zabala eta askotarikua da.

University of the Visayas
Urriaren 30ian abestuko daben taldia 18 emakumek eta 17 gizonezkok osatzen dabe, Anna Tabita Piquero zuzendarixaren aginduetara. 1999xan sortu eben eta Cebu-ko Visayas-eko Unibertsitateko abesbatza ofiziala da. 2007xan bultzada barrixa emon zetsen taldiari, Piquero sartu zanian. Ordutik hainbat sari eta errekonozimendu izan ditu abesbatzak, bestiak beste, 2009ko Filipinetako Abesbatzen I. Lehiaketan eta Tomohoneko (Indonesia) Naziñoarteko Abesbatza Lehiaketan, azken horretan urrezko garaikurrak bereganatuta. Manilako Broadcasting Company´s Paskong Pinoy Abesbatza Lehiaketa Nazionalian be birrittan saritu dabe taldia: 2009xan eta 2011n. 2010ian, Filipinetako Artearen bikaintasunaren errekonozimendu moduan, Aning Dangal Saria irabazi eban.