Eguaztenean zabalduko dute Udako Merkealdien Azoka Toribio Etxebarria kalean

Eguaztenean zabalduko dute Udako Merkealdien Azoka Toribio Etxebarria kalean
2021/07/19 10:36
eta kitto!
Iazko etenaldia eta gero, Udako Merkealdien Azoka Toribio Etxebarria kalera itzuliko da. Eguazten goizean, 09:45ean inauguratuko dute azoka Eibarko agintariek eta merkataritza sektoreko ordezkariek eta hiru egunetan, eguaztenetik barixakura egongo da zabalik, egun osoan, 10:00etatik 20:00etara.

Edizio honetan 30 establezimendu inguruk hartuko dute parte. Horietatik 18 Toribio Etxebarriako karpetan egongo dira eta beste 12 establezimenduk euren saltokietan eskainiko dituzte merkealdi bereziak. Eibar Merkataritza Gune Irekiak Eibarko Udalarekin lankidetzan sustatutako 'Factoring' azokan arropak, oinetakoak, osagarriak, lentzeria, kirol-produktuak, etxerako produktuak, optikakoak eta parafarmaziakoak ipiniko dituzte salgai, besteak beste, denak prezio berezietan.

Azokarako 14 karpa jarriko dituzte Toribio Etxebarria kalean, “metro eta erdiko tartearekin jende-pilaketak saihesteko, eta beharrezkoak diren segurtasun eta higienerako neurriak hartuko dira. Gainera, ‘jaimak’ jartzerakoan, espazio nahikoa lagako da tabernek kale horretan jartzen dituzten mahaietarako behar den lekua uzteko”.

Kalean saltokia jarriko duten 18 establezimenduak hauexek dira: Askasibar, Bambi, Burbujas y Más, Centro Óptico Beittu, Designed by Nona, Eskulan, Farmalur, Gratzina, Guby, Ikusi, I Love 10€, Kopiña, No Comment, Oinberri, Pissa, Ttiki, Twins eta Txukuna. Eta dendan bertan merkealdiak eskainikodituztenak, berriz, beste hauek: Cedry, Comercial Zabala, Doroti, Eleven Moonth Beauty Lounge, Federópticos Igmar, Lahidalga, Los Chicos, Marais, Oskarbi, Tribeka, Vieco eta Zentral Óptica.



Euskeraz Primeran!

…eta kitto Euskara Elkarteak, bestalde, postu bat jarriko du azokan, Euskeraz Primeran! programaren baitan, eta herritarren artean euskara sustatzeko jarduerak egingo ditu.  Oraingo honetarako aurreikusi duten ekintza ludikoa Antzara Jokoa izango da: parte hartu nahi dutenek, dadoa bota eta jausten den laukitxoaren arabera, euskararen erabilerari lotutako konpromiso jakin bat hartuko dute. Parte-hartzaileen konpromisoak panel batean idatziko dira, eta erosketa-poltsa bat oparituko zaie Euskeraz Primeran! Logotipoarekin. Gainera, parte hartzen duten guztien artean 150 euroko bonoa zozketatuko da (EMGIk emana), faktoringean parte hartu duten establezimenduetan erosketak egiteko. …eta kitto!-ren postua Toribio Etxebarria kalean egongo da hilaren 21, 22 eta 23an, 10:00etatik 12:00etara, eta bonuaren zozketa barixaku eguerdian egingo da.