Eguenean hasiko dira Eibarko Mendi Jardunaldiak

Protagonista bereziak ekarriko dituzte ekitaldi guztietan, izan proiekzio, mendi ibilaldi, hitzaldi edo trail irteera
Eguenean hasiko dira Eibarko Mendi Jardunaldiak
2024/02/26 09:47
eta kitto!

Otsailaren 29an hasi eta martxoaren 17an amaituko dira aurtengo Eibarko Mendi Jardunaldiak. Ohiko bidetik joko badute ere, protagonista bereziak ekarriko dituzte ekitaldi guztietan, izan proiekzio, mendi ibilaldi, hitzaldi edo trail irteera. Ekitaldi gehienak, gainera, doan izango dira, aurretik izena ematea komeni den arren.

"Manaslu. Eibartar bat 8.000 metrotan” proiekzioarekin hasiko dira Eibarko Klub Deportiboak urtero antolatzen dituen Mendi Jardunaldiak. Coliseok 19:00etatik aurrera hartuko du hilaren azken egunean (otsailak 29) abiatuko den programazioaren lehenengoko ekitaldia. Bertan izango dira Fernando Errekalde protagonista bera eta Mikel Lizarralde hizlari bezala: “Iazko irailaren 26an igo zen lehenengo bidar eibartar bat 8.000 metroko tontor batera. Espedizio hori ardatz hartuta, bideo eta argazkiz lagunduz, osatuko dute hitzaldia. Errekaldek zuzenean kontatuko digu Manaslura igotzeko bere prestakuntza eta 46 eguneko bidaia tontorreraino. Bere lagun taldea ezagutuko dugu eta dituen hurrengo erronkak adieraziko dizkigu”. Euskaraz eskainiko da eta, doan bada ere, sarrera hartu beharko da.
 

Amunategi, Alvaro eta Trigueros

Jardunaldietako bigarren urratsa martxoaren 2koa izango da, zapatu horretan egingo duten ibilbide pedagogikoarekin. Mentxu Amunategi izango da horko gidaria eta, Eibar inguruko ibilaldian, bertoko landaretza ezagutzeko aukera izango da. Plaza mugatuak izango dira eta izena eman beharko da mendia@deporeibar.com helbidean.

Martxoaren 6an, eguaztena, Sebastian Alvarok “Exploradores: Al filo de lo imposible” konferentzia eskainiko du Portalean. Ordubeteko hitzaldi horretan “gizakiaren abentura txundigarrienetako bat laburbiltzen da: bera bizi den esplorazioa eta konkista”.

Martxoaren 12an eta 13an ohiko Mendi Tour jardunaldiak izango dira Coliseon, mendiarekin lotutako pelikulen proiekzioarekin. Martitzenean “Crying Glacier”, “Udalatx, ura eta atxa” eta “Everest invaders” filmak eskainiko dira. Eta eguaztenean “Zerbait aldatu da”, “A ligne de l’ange” eta “Captains on el Cap”. 

Azkenik, aurtengo jardunaldiekin amaitzeko, martxoaren 17an Trail Irteera egingo dute, Silvia Trigueros lagun dutela ohiko solasaldiarekin jarraitzeko. Barakaldoarrak hainbat proba irabazi ditu, GH2, Ehunmilak, Basque Ultra Trail Series, Tor des Géants, 100 miglia del Monviso, Cervino Matterhorn Ultra Race eta Ultra Trail del Lago di Como UTLAC tartean, batzuk behin baino gehiagotan.

 

Klasikoa Gorbeiara

Datorren martxoaren 2an beste Klasiko batera irtengo dute Deporrekoek, Gorbeiako tontorra egiteko asmoz. Gorbeiako Parke Naturalean egingo duten txangoa 20 kilometrokoa izango da, 966 metroko desnibela gainditzeko. Pagomakurren hasita, Gatzarrieta (1.181 metro), Gorbeia (1.482 m.) eta Aldamin (1.376 m.) egin ondoren, Zeanurin amaituko dute. Bizkaiko bigarren mendi altuenean, Aldaminen, Deporrek jarritako buzoia ikusiko dute. Informazio gehiago: martitzen eta eguenetan, 19:30etik 20:30era, eta telefonoz (943 201904).

Aurreko zapatuan burututako sagardotegiko irteeran, 49 lagun elkartu ziren Deporrek eta Elgoibarko Morkaikok elkarlanean antolatutako irteeran. Goizaldean lainopea izan zuten lagun tarte handienean; jaisterakoan, aldiz, eguzki ederra izan zuten lekuko. Bidean Deporrek 1978an jarritako buzoia bisitatu zuten Arastortzen.
 

Umeekin kostaldera

Umeekin egindako ikasturteko bosgarren irteeran, bi autobus bete zituen 49 haurrez eta hainbat gurasoz osatutako taldeak, 9 kilometroren bueltako ibilbidea egiteko. Donostiako Gros auzotik aldapan gora abiatuta, Ulia mendiaren labirinto bideetan barneratu, La Plata itsasargi dotorearen azpitik pasatu eta ibilaldia Pasaiako portu sarreran amaitu zuten. Hurrengo irteera berezia izango da, estreinakoz Ibilaldi Neurtua egingo baitute Arrasaten, martxoaren 3an.