Egunean Behin jokoaren 16. denboraldia hasiko da gaur
Bost urte bete dituen honetan, Egunean Behin jokoaren 16. denboraldia hasiko da gaur. Gabonetan amaituko da denboraldi hau eta, CodeSyntax jokoaren enpresa sortzaileak adierazi duenez, sariak lortzeko aukera gehiago egongo dira. “Denboraldi galdera sorta berriak ikusiko ditugu, sarietan arau aldaketa ezarri dugu irabazteko aukerak zabaltzeko jokalarien artean, eta egunen batzuetan bigarren partida jokatzeko aukera ere ikusiko dugu, ekainean estreinatu genuen lehiaketa tematiko paraleloei esker”, diote.
Denboraldiko aste bakoitzean (11 izango dira guztira) babesle bana egongo da eta, denboraldi amaierako sariei dagokienez, Bodegas Ribeiraok hiru saski/sorta emango ditu lehen hiruentzat, eta hari gabeko bi aurikular zozketatuko dituzte.
Nola jokatu
Egunean Behin jokoaren dinamika honakoa da: Tribial estiloko jokoa izanik, egunero partida bakarra jokatzeko aukera izango da, bertan 10 galdera erantzun beharko direlarik, ahalik eta azkarren. Horrela, zenbat eta gehiago asmatu, zenbat eta azkarrago, orduan eta hobeto.