Egunean Behin jokoaren 19. denboraldia hasi da
Gaur, irailak 22, hasi da Egunean Behin tribial estiloko euskarazko galdera-erantzunen jokoaren 19. denboraldia. Codesyntax enpresak garatutako jokoa da eta denboraldi berrian Primeran doako euskal streaming plataformaren babesa jasoko du.
Denboraldi berri honetan, sariak banatzeko modua moldatu egingo da. Sailkapenak ez dira aldatuko, baina jokalari batek jada sari bat eraman badu 2024tik aurrera jokatu den asteren batean (19. denboraldia barne), 2. sailkatuari edo sailkapenean hurrengoa den irabazi gabekoari esleituko zaio saria. Gainera, denboraldi amaiera izaten diren hiru nagusietan ere, 2022tik aurrera izandako garaileak (denboraldi bakoitzeko 3 lehenak) salbuetsiko dira. Sailkapenari begiratuta, saririk gabekoen artean lehen 3ek jasoko dituzte sariak.
Amaierako sariei dagokienez, lehen hiruk telebista bat eta telefonoak jasoko dituzte, eta zozketa bidez aurikularrak emango zaizkie bi laguni. Bestalde, aste bakoitzean sariak banatuko dira beste babesle batzuen eskutik.