Eguneko kronika osatzen lagundu sare sozialetan #SagardoEguna erabilita

Eguneko kronika osatzen lagundu sare sozialetan #SagardoEguna erabilita
2014/10/03 00:00
eta kitto!

Bihar eguerdian, txotxarekin batera, sagardoaren inguruko jaiak eztanda egingo du Untzagan. Urteak joan urteak etorri, urriko lehen zapatua askoren agendetan aparteko garrantzia duen eguna bilakatu da eta, horregatik, egun osoan zer nolako giroa dagoen eta bestelako guztiak zuzenean kontatzen joateko ahalegin berezia egingo dugu aurten ere, horretarako sare sozialak erabilita.
Laugarren urtez jarraian, …eta kitto!-ren Facebook orrialdean (www.facebook.com/etakittoaldizkaria) zein Twitter kontuan (@etakitto) eguneko kontakizuna egiten joango gara, baina betiko moduan, zeregin horretarako zuen laguntza eskatu nahi dugu. Izan ere, Untzagan uneoro gertatzen ari dena kontatzeko zein egokiago bertako sagardo jaian buru-belarri murgilduta zaudetenak baino? Horregatik, zuetariko bakoitza Sagardo Eguneko "korrespontsal" izendatu nahi zaituztegu, gurekin batera Facebook eta Twitterren egunaren gorabehera guztien berri ematera animatu zaitezen.
Aurreko urteotan zuen parte-hartzeari esker egunari buruzko kronika polita osatzea lortu genuen eta oraingoan ere hala izatea nahiko genuke. Eta nola har dezakezu parte? Ba oso modu errazean: zuetariko gehienek telefono mugikorra aldean eramango duzuenez, sare sozialen bitartez eta #SagardoEguna hitz gakoa erabilita gurekin zuen burutazioak zein egiten dituzuen argazkiak partekatu ditzakezue. Zein da gehien gustatzen ari zaizuen sagardoa? Zeinekin batera diharduzue jaian parte hartzen? Zelako giroa dago zuen inguruan?
#SagardoEguneko "selfiak"
Aurten, baina, egiten dituzuen argazkiek baldintza bat betetzea eskatuko dizuegu: azken aldi honetan moda-modan ipini dira norberak bere buruari egindako argazkiak edo "selfie" direlakoak eta guk ere moda horrekin bat egin nahi dugu. Horregatik bihar horrelako argazkiak egin eta gurekin partekatzea eskatzen dizuegu.
Egun osoan udaletxeko balkoitik berbetan jardungo duen esatariak tarteka zuek bidalitakoei errepasoa emango die megafoniatik eta, jakina, www.etakitto.com webgunean Sagardo Egunaren berri emateaz gain, aldizkariaren Facebook eta Twitterrean zuek bidalitako komentario eta argazkiak jasotzen joango gara. Eta zuen laguntza eskertzeko, parte-hartzen duzuenen artean zozketa egingo dugu, saria banatzeko: irabazleak Gorenak elkarteko 13 sagardotegietako botila bana jasoko du. Zozketa urriaren 8an, datorren eguaztenean egingo dugu. Izan ere, urtero egiten dugun moduan, datorren asteko alean errepasoa egingo diogu bihar Untzagan gertatutako guztiari eta tartean zozketa horren berri ere emango dugu.
Zuek bidalitako argazkiekin batera, gure argazkilariek ere egun osoan kamararekin batetik bestera ibiliko dira, ondoren egunari buruzko argazki bilduma osatzeko. Argazki horiek bihar bertan Facebook-eko gure orrian ikusgai ipiniko ditugu, zuek ere #SagardoEgunak lagatzen dizkigun irudiekin gozatzeko aukera izan dezazuen.
Beraz, animatu zaitezte bihar Untzagara gerturatu eta sagardo ederra dastatzera. Eta, zergatik ez, lagundu eguneko kronika idazten eta zuen argazkiekin osatzen, saria jaso dezakezue eta!