Eguraldia lagun dutela ospatuko dute San Isidro jaia Arraten
Eibar eta inguruko baserritarrek San Isidro euren babeslearen omenezko jaia ospatuko dute gaur (eguena, hilak 15) Arraten. Urtero lez, programa goizean hasi eta arratsalde-iluntzera arte luzatuko da: bertsolari eta trikitilarien parte-hartzea izango duen meza 11.00etan egingo da eta, meza amaitu eta jarraian, santutegi inguruan prozesioa egingo dute eta, elizara bueltatzean, Kezka dantza taldekoek aurreskua eskainiko dute. 12.30etan hasiko den San Isidroetako XII. Aizkolari Txapelketa jokatzen hasi bitartean nahi duenak Sagarmiña Getariko txakoliña, Andunetze, Mausitxa, Sosola eta Goienetxeko artzai-gaztak eta aire librean hazitako basatxerri ezaugarria duten txerrikiak probatzeko aukera edukiko du. Aurtengo bazkaria Kantabria jatetxean egingo dute baserritarrek eta bazkalostea bertsolariek eta trikitilariek girotuko dute. Arratsaldeko 17.30etan hasiko diren idi-probekin agurtuko dute jaia.