Udalak doako autobus zerbitzua eskainiko du Arrateko jaietan gaur eta bihar
Arrateko jaiak direla eta, aurten ere Udalak doako autobus zerbitzua eskainiko du Arratera igo eta bertatik Eibarrera jaitsi nahi dutenentzat. Asmoa automobila erabili beharrean garraio publikoa erabiltzea da, eta herritarrak hori egitera animatu nahi dituzte. Irailaren 7an, astelehena, Eibartik Arratera igotzeko autobus zerbitzua 17:00etan hasiko da, eta 21:40 bitartean, hogei minuturo irtengo da autobus bat Ego Gainetik. Hiru autobus egongo dira: lehen autobusa 17:00etan, 18:00etan, 19:00etan, 20:00etan eta 21:00etan irtengo da Ego Gainetik, Arratera igotzeko; bigarren autobusa, berriz, 17:20an, 18:20an, 19:20an, 20:20an eta 21:20an abiatuko da Ego Gaineko geltokitik; eta hirugarrena, 17:40an, 18:40an, 19:40an, 20:40an eta 21:40an. Gauean, berriz, goizaldeko 01:20tik aurrera, hogei minuturo autobus bat jaitsiko da Arratetik Eibarrera, goizeko 08:00ak arte. Eta Arrate egunean, hamaika autobus ibiliko dira etenbarik Arratera igotzen eta bertatik jaisten, 08:30etik 23:30era bitartean. Autobusak Toribio Etxeberriatik (Untzagako bidegurutzetik) abiatuko dira, bete ahala.