“Egurra zizelkatzeak motibatu egiten nau eta demaseko bakea ematen dit”
Garajea bakea lortzeko eta sorkuntzarako gune bihurtu du David Lopez Simonek. Toki xumea da, baina nahikoa egurra artelan bihurtzeko. Artista eibartarrak egur taillak egitea du afizio, nahiz eta bere lanak profesionalak diren. Izan ere, maitasun handia eskaintzen dio egiten duenari eta, emaitza ikusita, agerikoa da pasioz, pazientziaz eta maisutasunez egiten duela.
Egurrean taillatu zuen lehen gauza gitarra bat izan zen. Harro erakutsi digu lehen lan hori eta, atetik sartu eta parean aurkitu daitekeen ‘Gernika’ koadroaren egurrezko erreplika ikusita, nabarmena izan da gitarra hori egin ondoren izan duen bilakaera. Paulino Larrañagarekin egin zituen lehen pausoak eta, berandu ezagutu bazuen ere, bidea eman zion gaur egun egiten dituen artelanak sortzeko.
Nondik datorkizu egurra taillatzeko zaletasuna?
Txikitan, eskolan, eskulanak egitea asko gustatzen zitzaidan. Hortik abiatuta, egurra lantzera jotzen nuen batez ere. Eskura dut egurrarekin egin nuen lehen tailla, gitarra bat. Eskolan egin nuen. Zaletasuna sortuta, egurra lantzen jarraitzeko gogoa nuen eta ekintza hori norekin egin nezakeen begira ibili nintzen. Behin, amak deitu zidan Euskal Jaia egin zela esanez eta bertan Paulino Larrañaga ezagutu zuela. Beraz, berarekin harremanetan jarri nintzen. Maila handiko egur zizelkatzailea izan zen. Tamalez, nahiko berandu jarri nintzen berarekin harremanetan, sasoi hartan nahiko nagusia zelako eta sasoirik onenean ez zegoelako. Dena dela, berarekin hasi nintzen eta urtebete egon nintzen berarekin ikasten. Bere lokalean sartzen laga ninduten eta, hil zenean, bertako bazkide izatea eskaini zidaten.
Jende gehiago aritzen zen lokal horretan?
Bai, taldetxo bat bazegoen. Denbora batez egon nintzen han, baina gero laga egin nuen eta neure kabuz hasi nintzen lagun baten lokalean.
Beraz, ez zara guztiz autodidakta izan, baina zure bidea aurkitu behar izan duzu egurra zizelkatzen ikasteko?
Hori da. Pena da Paulino berandu ezagutu izana, berarengandik asko ikasiko nukeelako, baina bidean aurkitu ditudan adiskideekin ere asko ikasi dut. Batek modu batera lantzen du egurra, besteak beste modu batera, baina denengandik ikasten duzu zerbait. Oso aberasgarria da elkartruke hori.
Gitarra eta ‘Gernika’ koadroa ikusita, badago aldea!
Bai! Baina tira, egitearen poderioz ikasten duzu egurra zizelkatzen. Askok esaten didate, hain pertsona urduria izanik, ea nola lortzen dudan horrelako lanak egitea. Izan ere, oraindik gehiago findu daitezkeen arren, zehaztasun asko dituzten lanak dira.
Artista bakoitzak lanak bere modura egiten dituela aipatu duzu. Zein da zure estiloa?
Azken batean, egurrezko tabloia hartzea eta soberan duena kentzea da kontua.
Erraz esaten da! Zein prozesu jarraitzen duzu lanak sortzeko orduan?
Hasieran, zizelkatu nahi duzun irudia etortzen zaizu burura. Adibidez, Arrateko ama. Orduan, lehenengo, zirriborro bat hartzen duzu, marrazki bat; eta gero, egurra prestatzen duzu. Hau da, zein egur erabiliko duzun erabaki behar da, lortu nahi duzun irudiaren edo efektuaren arabera. Egurra aukeratzen duzunean, irudia marraztu eta soberan duen egurra kentzen hasten zara.
Bai, baina marrazkia bi dimentsiotan dago eta zuk hiru dimentsioko lanak sortzen dituzu. Nola moldatzen zara?
Poliki-poliki forma emanez. Marrazkian aurreko aldea ikusten duzu, atzekoa ez. Beraz, zizelkatzen zoazen neurrian forma nola eman ikusten joan behar zara. Gero, xehetasunak zure esku geratzen dira, askotan marrazkietan ez direlako gehiegi nabarmentzen. Egia da figura asko ez direla berdin geratzen alde batetik eta bestetik.
Horrek erakusten du artisautza lana dela, eskuz egindakoa, eta ez makina batek.
Hori da. Batzuetan, marrazkia hartzen dut, egurrera pasatu, lanean hasten naiz eta ez dut motibaziorik aurkitzen, ez dudalako aurrerapenik ikusten. Lanaren erdia egiten dudanean, aurrera doala ikustean, ostera, demaseko gogobetetzea sentitzen dut.
Zenbat denbora behar izaten duzu pieza bat sortzeko?
Piezaren araberakoa da hori. Sendagilearengana joaten zaren moduan izaten da: badakizu noiz sartzen zaren, baina ez dakizu noiz amaituko duzun. Ba tzuetan buru-belarri zaude lanean, beste batzuetan ez duzu motibazio gehiegirik... Amaitu gabe dauden hainbat pieza ditut, noizbait amaituko ditudalakoan.
Lanak zure gogoz hasten dituzu, enkarguak jasotzen dituzu...?
Enkargu gutxi jasotzen dut. Egurra taillatzeaz bizi den jendea egongo da, baina oso gutxi. Niretzat zaletasuna da. Jendeari piezen prezioak aipatzerakoan esaten dizute hortik soldata lortu dezakezula. Bai, noski, baina piezak saldu behar dira lehendabizi eta zaila da. Azoketan egon naiz, erakusketak egin ditut, baina zaila da piezak saltzea.
Zergatik egiten duzu lan hau?
Motibatu egiten nau, asko gustatzen zait eta demaseko bakea ematen dit. Hemen sartzen naizenean lanean kontzentratzen naiz eta arazoak ahazten dituzu. Askotan, denbora labur baterako etortzen naiz eta lau ordu pasa ditzaket bertan, konturatu gabe. Gustora ari zarenean, denbora hegan pasatzen da.
Nolako piezak egitea gustatzen zaizu?
Denetik egin dezaket: figurak, ezkutuak, ispiluak, koadroak... Neure aurpegia taillatzea nahiko nuke, baina egiteko zaila da. Bestetik, enkarguren bat jaso ezkero, bezeroak nahi duena egiten dut. Batzuek nahiko gauza zailak eskatzen dituzte, baina saiatzen naiz.
Zein egur-mota erabiltzen duzu lanak egiteko?
Sortu nahi dudan piezaren arabera, egur-mota bat edo beste aukeratzen dut. Bestalde, enkargu bat bada, bezeroak erabakitzen duenaren arabera jokatzen dut. Normalean, jendeak zerbait ekonomikoa nahi izaten du, baina ohikoena da egurrik onena ez izatea. Materialean pixka bat gehiago gastatzea gomendatzen diet, piezek egoera onean gehiago irauteko.
Lana egiteko orduan, ez da gauza bera izango egur-mota batekin edo beste batekin lan egitea, ezta?
Ez, ez da gauza bera. Egur gogorrekin figuratxoak egitea gehiago kostatzen da. Egur-blokeak mozteko bakarrik erabiltzen dut makina. Gehien jota, fresatzeko makina erabiltzen dut pieza batzuk arbastatzeko. Beste guztia eskuz egiten dut.
Zenbait erakusketatan eta azokatan egon zarela aipatu duzu, baina zure lanak erakusteko ohitura duzu?
Oso gutxitan egon naiz. Topalekuan erakusketa jarri nuen, Euskal Jaian egon naiz pare bat urtetan, Elorrion ere izan naiz eta baita Ermuan ere. Ez dut ohitura handirik eta, gainera, batzuetan ezetz esan behar izan dut, ez nuelako pieza berririk.
Beraz, norbaitek enkarguren bat egin nahi badizu, nola egin dezake?
Izan ere, sare sozialetan ere ez duzu profilik. Zuzenean nirekin harremanetan jar daitezela. Ahoz ahokoak ondo funtzionatzen du horrelakoetan.