Eguzkiak lagunduta eta sorgin-dantza artean joan zaigu Euskal Jaia
Aurtengo Euskal Jaiaren aurkezpenean antolatzaileek aurreratu zutena bete egin da eta jende mordoak hartu du parte atzo (domeka, hilak 26) agurtu zen 48. Euskal Jaiaren barruan antolatutako jarduera guztietan. Egitarauko hainbat ekitaldi aurretik egin baziren ere, urteroko martxari jarraituta maiatzeko azken asteburuan egin dira gehienak. Barixaku arratsaldean Kalian Jolasian umeendako jolasekin hasi eta jaia gauera arte luzatu zen, Markiña-Xemeingo Akodas Bozine elektrotxarangak kalean eskaini zuen kalejirarekin lehenengo eta, ondoren, karpan eMePebo5t Errokmérixarekin. Zapatuan goiz osoa bete zuten artisau eta baserritarren azokak eta haren inguruan antolatutako herri-kirol, bertso saio eta eskolen arteko norgehiagokak. Arratsaldean bertso-triki parrandak karpa barruan egin zen kantu-afarirako giroa berotu zuen. Eta domekan aurten sorgin-dantzak ardatz izan dituen Ezpalak jaialdiko dantzariek eguzkia eta giro paregabea lagun izan zuten Untzagan eskainitako saio ikusgarrian. Kezka dantza taldekoekin batera Antzuola, Norvegia, Katalunia, Zuberoa, Aretxabaleta eta Okzitaniako dantzariek jardun zuten. Bezperako afarian bezala, atzoko bazkarian 400 lagun batu ziren aurten Euskal Jaiko otorduak prestatzen arduratu diren elkarte gastronomikoetan sukaldatutakoak jateko. Eta arratsaldeko erromeriarekin eta larrain-dantzarekin agurtu dugu Klub Deportiboaren eskutik ospatu dugun Euskal Jaia, hurrengora arte. Asteburuko irudiekin osatutako argazki bilduma ikusi nahi baduzue, hemen klikatu.