EH Bildu nagusi Eibarren, EAJ-k oso gertutik jarraituta
Boto guztiak zenbatuta, hauek dira Europako Parlamenturako Hauteskundeetan Eibarren izandako emaitzak: EH Bilduk 2.285 boto (%25) eskuratu ditu, EAJ-PNV-k 2.212 (%24), PSOE-k 1.955 (%21), PP-k 767 (%8), Podemos-ek 555 (%6) eta IU-Ekik 478 (%5). Horrekin batera, 146 boto zuri (%1) eta 61 baliogabeko (%0) jaso dira eta parte-hartzea %43koa izan da.
Alderdietako ordezkarien irakurketa
Emaitzak ezagutzera eman dituztenean alderdietako ordezkariekin berba egin dugu, euren balorazioa eskatzeko. EH Bilduko Leire Abanzabalegik "emaitzekin oso pozik" daudela adierazi digu: "Emaitzak begiratuta, Eibarren behingoz aldaketa ematen hasi dela ikusten da. Europako hauteskundeetan orohar ez da parte-hartze handirik izaten, baina hala ere, gaurko emaitzek aldaketarako garaia dela erakusten dute".
EAJ-PNV-ko Miren Sojo ere pozik agertu da: "Eibarren lehenak Bildukoak izan dira, baina gu oso pozik gaude euren emaitzaren eta gurearen arteko aldea oso txikia delako. Lortu ditugun emaitzak ikusita, pozik egoteko arrazoiak baditugula pentsatzen dugu".
PSOE-ren emaitzen inguruko balorazioa Miguel de los Toyosek egin digu: "Parte-hartzea txikia izan da, baina, hala ere, Eibarren botoa eman dutenen kopurua batazbestekoaren gainetik dago eta herri mailan gure alderdiak emaitza ona lortu du. Estatu mailan, ordea, jaitsiera nahiko nabarmena izan dugu eta horren inguruko hausnarketa egin beharko dugu. Arazoa ez da tokian tokikoa, alderdiarena baino eta, beraz, alderdiak aztertu beharko du zer egin".
Emaitzei begiratuta, Carmen Larrañagak (PP) "bipartidismotik haratago, aukera-esparrua zabaltzen joan da. Irabazi egin dugu, egia da hori, baina moduren batean azaltzeko garaipen tristea izan da, denok gabiltzalako gaizki egindakoak ordaintzen. Edozein modutan ere, Europak jarraitu beharreko pausoak markatzen dizkigu eta gu hor gaude".
Eli Gomez-ek (IU-Eki) pozgarritzat jo ditu bere alderdiak lortu dituen emaitza orokorrak: "Oso pozik gaude parlamentari bakarra izatetik sei izatera pasatu garelako. Gainera, aldaketarako joera badagoela ikusten da, jendea erreta dago eta bipartidismoaren amaieran gaudela esan daiteke. Pozik gaude, orain arte bezala aurrera egiteko borrokatzeko prest".