EH Bilduk PSE kritikatu du Sostoako 14ko etxebizitzen proiektuagatik

EH Bilduk PSE kritikatu du Sostoako 14ko etxebizitzen proiektuagatik
2026/01/28 13:02
Irati Alvarez Malaxetxebarria

EH Bilduk salatu du PSEk Sostoa 14 eremuan etxebizitzak eraikitzearen alde hartutako erabakia Eibarko gehiengo sozialaren eta udalaren azterlan teknikoen aurka doala. Koalizioaren arabera, proiektuak ez die erantzuten herriak dituen benetako beharrei.

EH Bildutik onartu dute proiektuak legezko lizentzia duela, baina gogorarazi dute duela bost urte ere aurka agertu zirela, eta jarrera hori partekatu zutela PNVk eta Elkarrekin Podemosek. Haien ustez, Eibarren 1.200 etxebizitza huts baino gehiago dauden bitartean, ez da beharrezkoa etxebizitza berriak eraikitzea.

Koalizioak nabarmendu du azken urteotan eraikitako etxebizitzek ez dutela gazteen eta baliabide gutxien dituzten familien arazoa konpondu, sustapen horiek enpresa pribatuen eskutik etorri direlako. Aldiz, gogorarazi dute Txonta eta Lapeyra bezalako etxebizitza sozialeko proiektuak EH Bildurekin adostu direla.

EH Bilduren ustez, Eibarren lehentasuna da dauden etxebizitzak berritzea eta berdegune gehiago sortzea. Horren adibidetzat jarri dute Hiri Antolamendurako Plan Orokorraren berrikuspenaren aurre-diagnostikoa, zeinak norabide hori gomendatzen duen.

Azkenik, koalizioak kritikatu du 2020an hasitako Plan Orokorraren berrikuspena geldirik egotea, eta adierazi du bide horretan jarraituko duela, Sostoa 14 bezalako proiektuen aurka eginez eta hiri-eredu jasangarriago baten alde eginez.