EH Bilduk salatu du Eibarko familiek oraindik ez dutela plazarik haurreskoletan
Eibarko EH Bilduk salatu du herriko familiek oraindik ez dutela plazarik herriko haurreskoletan, eta udal gobernuaren jardun eza kritikatu du egoera horren aurrean. Koalizio subiranistaren arabera, martxoaren erdialdera iristen ari garen honetan familiek oraindik zain jarraitzen dute, eta egoerak ez du hobera egin.
EH Bilduren esanetan, udal gobernuak jarrera pasiboa erakutsi du haurreskolen auziaren aurrean, eta gaia ez dela behar den gardentasunarekin eta errespetuarekin kudeatzen ari. Gogorarazi dutenez, herriko haur askok ikasturte hasieratik ez dute haurreskolan plazarik.
Hasiera batean obrak urte amaierarako amaitzea aurreikusten bazen ere, lanak urtarrilaren amaiera arte ez ziren bukatu. Obrak amaitu ondoren, ordea, Eusko Jaurlaritzako Hezkuntza Sailari dagokio haurreskolak martxan jartzeko baimena ematea. EH Bilduren arabera, hilabete baino gehiago igaro da obrak amaitu zirenetik eta baimen hori oraindik ez da iritsi; ondorioz, matrikulazio epea ere ez da ireki.
Koalizioaren ustez, egoeraren alderdirik larriena familiek informaziorik ez jasotzea da. Salatu dutenez, udal gobernuak ardura Hezkuntza Sailaren edo Haurreskolen Partzuergoaren gain uzten du, eta denbora honetan guztian “baloiak kanpora botatzeko” jarrera izan du, arazoari konponbidea bilatu beharrean.
EH Bilduk azpimarratu du hainbatetan adierazi duela udal gobernuarekin elkarlanean aritzeko prest dagoela. Ildo horretan, azken hiru urteetan plaza berriak sortzeko zuzenketak aurkeztu dituztela gogorarazi dute.
Halaber, koalizioak gogorarazi du LABek 2024an mozio bat aurkeztu zuela gai honen inguruan. Hala ere, EH Bilduren arabera, PSE-EEk eta EAJ-PNVk osoko bilkurara eramatea baztertu zuten, Eibarrekin zuzenean lotuta ez zegoela argudiatuta. Koalizio subiranistaren ustez, gaur egungo egoerak erakutsi du mozio hura beharrezkoa zela.
EH Bilduk positibotzat jo du bi haurreskola berri irekitzea, baina ohartarazi du agian ez dela nahikoa izango herriko beharrei erantzuteko. Izan ere, kalkulatu dutenez, Eibarren urtean 180 haur inguru jaiotzen dira, eta eskaintzak 0 eta 2 urte bitarteko haurren erdia baino ez luke estaliko.
Horregatik, koalizioak udal gobernuari eskatu dio herriko benetako beharren azterketa egin dezala eta haurreskolen eskaintza handitzeko lanean has dadila lehenbailehen. EH Bilduren ustez, kudeaketa berandu egin da eta hartu diren neurriak “espedientea betetzeko” baino ez dira izan. Gainera, egokitutako lokalak txikiak direla, harreragune nahikorik ez dutela eta kanpo espazio egokirik ere ez dutela salatu dute.