EHU-ri eta UsaP-eko zuzentzaile izan direnei babesa emateko sinadurak biltzen ari dira
Euskal Herriko Unibertsitateko (EHU) irakasle eta ikertzaile ugarik agiri bateratua kaleratu dute Unibertsitatera Sartzeko Probaren (UsaP) euskarazko azterketaren harira sortutako polemikaren aurrean, eta beren babesa eta elkartasuna adierazi diete azterketak zuzendu dituzten irakasleei eta EHUri berari. Era berean, agiriaren amaieran norberak bere izena eman dezake babesa erakusteko eta ‘saila’ atalean ‘Hezkuntza’ jartzeko eskatu dute.
Agirian adierazi dutenez, urte luzez EHUko eta Bigarren Hezkuntzako irakasleek normaltasunez parte hartu dute UsaP-eko azterketen prestaketan eta zuzenketan, baina aurtengo egoerak "marka guztiak gainditu" dituela uste dute.
Sinatzaileen iritziz, "larria" da azterketa gainditu ez duten ikasle batzuek berrikusketa eskatu aurretik komunikabideetara jotzea, EHU-ren aurrean mobilizazioak egitea eta irakasleen profesionaltasuna zalantzan jartzea. Halaber, kezka agertu dute berrikusketa egin ondoren ere emaitzak auzitan jartzeagatik eta auzia epaitegietara eramateagatik.
Era berean, bereziki kritikatu dute Administrazioarekiko Auzien Epaitegiak behin-behineko neurri gisa erabaki izana auzia jarri duten ikasleen euskarako notak ez kontuan hartzea EHU-ra sartzeko. Haien ustez, erabaki horrek gainerako milaka ikasleekiko desberdintasuna sortzen du, eta galdera hau plazaratu dute: "Epaile batek ordezkatu behar al du irakasle eta zuzentzaileen funtzioa?".
Agiriak azpimarratzen du auziak ez diela soilik EHU-ko irakasleei eragiten. Izan ere, gogorarazi dute UsaP-eko zuzentzaileak Bigarren Hezkuntzako irakasleak ere badirela, eta, beraz, gertatutakoak hezkuntza sistema publiko osoaren zilegitasunari eta profesionaltasunari eragiten diola. Horregatik, kezkatuta agertu dira etorkizunean zuzentzaile lanak egiteko prest egongo diren irakasleen kopuruarekin.
Azkenik, sinatzaileek babes osoa adierazi diete UsaP-eko zuzentzaile izan diren irakasle guztiei, haien lana ezinbestekoa dela nabarmenduz. Era berean, EHU-k prozesu osoan profesionaltasunez, gardentasunez eta indarrean dauden prozedurak zorrotz betez jardun duela defendatu dute, eta erakundearen zein bertako profesionalen lana zalantzan jartzearen aurka agertu dira.
Agiria errespetu eskaera batekin amaitzen da: "Errespetua hezkuntza sistemari, errespetua Euskal Herriko Unibertsitateari".