Udako beherapenen azoka zabaldu dute Toribio Etxebarria kalean

Gaur, bihar eta etzi egongo da martxan, 10:00etatik 20:00etara.
2026/07/21 11:29
Silbia Hernandez Arrazola

Gaur goizean zabaldu dute udako beherapenen azoka, Toribio Etxebarria kalean. Herriko merkataritza sustatzeko Eibarko merkatarien elkarteak udalarekin batera urtero antolatzen duen hiru egunetan, gaur, bihar eta etzi (uztailaren 21, 22 eta 23an) zabalduko dute, 10:00etatik 20:00etara.

Udako beherapenen azokan 27 establezimenduk hartuko dute parte oraingoan: horietako 19 Toribio Etxebarria kalean egongo dira (Atelier 11, Bambi, Burbujas y más, Design by Nona, Elortza botika, Eskulan, Farmalur Berria, Gigil Design, Glow Up, Gratzina, Guby, Helmet House, Kopiña, Neure, No Comment, Pissa, Twins, Txukuna eta Zentral optika), eta beste zortzik dendan bertan egingo dituzte eskaintza bereziak (Beittu optika, Cedry, Corral, Galarreta, Igmar federopticos, Moapics, Multiópticas eta Vieco).

...eta kitto! Euskara Elkartearen mahaia goizero

Ohikoa denez, …eta kitto! Euskara Elkarteak mahaia ipiniko du hiru egunetan, 10:00etatik 12:00era, Euskeraz Primeran kanpaina sustatzeko. Ekimenaren helburua eibartarrak dendetan euskaraz egitera bultzatzea da. Aurten ruleta bat ipiniko dute, bertan kolore desberdinak egongo dira, eta kolore bakoitzak egokitzen zaion saria izango du. Parte hartzen duten guztien artean Arrate bezperan egingo den bertso-afarira joateko bi txartel zozketatuko dituzte azken egunean.