Eibar definitzeko berbarik aproposena trabesa izan da
Euskaltegiek eta Udalak antolatutako berba lehiaketako irabazlea aukeratu dute, epai-mahaiaren iritzia eta web orrian jasotako botuak kontuan hartuta: Igone Lamarainek proposatutako "trabesa". Zozketa bidez aukeratutako irabazlea, bestalde, Inés Fernández izan da eta berak lehiaketara aurkeztutako berba, berriz, "Kultura Anitza". Gure herria egokien definitzeko lehiaketan 73 parte-hartzaile izan dira eta proposatutako berbak, berriz, 67. Trabesa berbak jokoetan (bola-jokoan, txirluetan) egiten ziren apustuak ekartzen dizkio gogora irabazleari, baina, horrekin batera, berak dio Eibarko herriak gauza askoren aldeko apustua egin duela: “Andrak lan mudura gerturatzen lehenengo herrietakoa izan zen, beharginen eskubideen aldeko borroketan eta euskalgintzak euskara bultzatzeko bideratutako ekimenetan (gau-eskolak, ikastolaren sorrera, ...) aitzindaria eta, batik bat, ‘Eibar eredugarria’ izan dadin egindako ahalegina” azpimarratu ditu Lamarainek.