Eibar ere plazara irtengo da bihar #m18

Eibar ere plazara irtengo da bihar #m18
2013/05/17 00:00
eta kitto!

Presoen errealitatera gerturatzeko asmoz, kartzelan dauden eibartar biren familiakoekin berba egin dugu: Ibon Muñoaren anaia den Iñigorekin eta Mikel Zarraberen iloba den Haizearekin. Familiako norbait kartzelan egoteak nola eragiten dien galdetuta, askorentzat arazo larrienetakoa den dispertsioari erreferentzia zuzena eginda hasi dira berbetan: "Bisita bakoitza urduritasunarekin bizi dugu. Barruan zain dagoena kezkatuta dago, benetan bisita ordua ailegatzean norbait aurkituko duen ala ez zalantza buruan bueltaka. Eta bisitan joandakoak alde egitean, etxera ondo ailegatuko den ala ez kezkarekin jarraitzen du. Eta kanpoan gaudenok ere kezkatuta bizi ditugu bisita bakoitzaren aurreko eta osteko orduak. Sakabanaketak presoa eta haren familia, biak zigortzen ditu eta, gainera, hori da asmoa".
Presoa zein kartzelatan dagoen badauka bere garrantzia, besteak beste horrek baldintzatuko duelako bisitan joateko zenbat kilometro egin beharko diren. Zarrabe une honetan Teruelen dago eta bost bat ordutan bertara ailegatzeko moduan daude, baina Iñigok asteburu osoa eman behar du batetik bestera anaiari bisitan joaten zaion bakoitzean: "Bizkaibusa goizeko 04.40ak aldera hartuta, hortik Etxerat-ek antolatutako autobusera aldatu, Puerto de Santa Mariaraino bidaia egin, anaia bisitatu eta bueltatu orduko ia domeka gaua da".
Sakabanaketarekin amaitzea eta euskal presoak Euskal Herrira gerturatzea da, hain zuzen ere, betidanik egin den aldarrikapen nagusienetakoa, baina eskaerak gizartearen babes zabala izan arren ez da horren aldeko pauso handirik ikusi: "Egia da barrukoen egoerak piska bat hobera egin zuela ETA-ren su-etenaren berri ematearekin batera. Bati baino gehiagori esan zioten 'orain beste presoen modukoa zara' eta antzerako beste batzuk, baina hortik aurrera ezer gutxi mugitu da gaia eta uste dugu badela horretarako sasoia".
Kalera, 24 urteko zigorra osorik beteta
Eibarko preso bi hauen azken urteei errepasoa egiten hasita, Mikel Zarrabe Elkoroiribe (1960) 1978az geroztik dago Eibartik kanpora. 1989ko abenduaren 1ean Iparraldean atxilotu eta Frantzian Lasanté, Fresnes, Claivaux eta Le Muret espetxeetan batetik bestera ibili eta gero, 1995an Frantziako poliziak Espainiakoari entregatu zion. Valdemoron eta Darocan zigorra betetzen egon eta gero, gaur egun Teruelen dago, 2. graduan. 24 urteko semea dauka. Hamabostean behin joaten zaio bisitan, neska-lagunarekin batera. Aurtengo abenduan kalera irtengo da, hori bai, bete beharreko 24 urteko espetxe zigorra oso-osorik bete eta gero.
Ibon Muñoa Arizmendiarrieta (1958) 2000. urteko urriaren 17an atxilotu zuten eta Valdemoro eta Kordobako espetxeetan egon eta gero, gaur egun Cádiz-en, Puerto de Santamariako kartzelan dago. Guraso biak, aita eta ama kartzelan zegoela hil zitzaizkion eta Eibarko Herrirakoek azaldutakoari jarraituta, "hiletarako trasladoan bederatzi espetxe baino gehiago zapaldu behar izan zituen. Gainera, oso modu txarrean tratatu zuten, edateko ezer eman barik eta nondik nora zegoen jakiteko modurik ez zuela)".
Muga bat bestearen atzetik
Euskal preso guztiei eragiten dien legeari jarraituta, egoeraren ideia osatzeko lagungarriak izan daitezkeen hainbat datu aipatu dizkigute: preso bakoitzak hilean 40 minutuko 3 edo 4 bisita, ordu eta erdi eta ordu bi bitarteko iraupena duen aurrez-aurrekoa (familiako norbaitekin) eta iraupen berbereko aurrez-aurreko intimoa izateko eskubidea dauka. Sei hilabeterako balioa duten zerrendak osatzen dira, bisitan joango diren 10 lagunen datuekin eta bisitetarako baimenak Entzutegi Nazionaleko segurtasun-gune bereziak onartu behar ditu. Umeek ere NAN-a izan behar dute. Bestalde, bisitaria familiakoa edo bikotekidea dela ziurtatzeko agiri ofizialak baino ez dituzte onartzen (familia-liburua, ezkontza-agiria edo izatezko-bikoteari dagokiona).
Eskutitzei dagokienez, presoek astean gutun bi bidali ditzakete eta 5 minutuko 8 dei egiten lagatzen diete.
Bestelako muga batzuk ere badituzte: ikasketak ia beti gazteleraz egin beharrekoak izaten dira eta materiala lortzeko oztopo ugari izaten dute. Ezin zaie CD-rik, artilerik… helarazi eta euren tokian izan ditzaketen liburu eta bestelakoak mugatuta daude. Eta iheslarien egoera ez da hobea, Herrirako ordezkariek diotenez: "Eguneroko bizimoduari aurre egiteko zailtasun ugari dauzkate: hizkuntza, medikuak, dirua, bizilekua, lana, ikasketak… eta, jakina, horiei familia eta lagunekin harremana izateko dauzkaten oztopoak gehitu behar zaizkie. Gainera, egoera politikoak erabat baldintzatuta bizi dira".

EGITARAUA
#m18 Plazara Eibarren (bihar zapatua, Untzagan).
18.00.- Umeen jolasak. Puzgarriak, tailerrak, ipuin kontalaria… Trikitilariek alaitutako pintxo-potea.
20.00.- Jaialdi-ekitaldia. Bertsolariak. Abeslariak.
Eibarko hainbat taldek Muñoaren olerki musikatuekin eta Zarraberen marrazkiek lagundutako liburutxoarekin kaleratutako CD-a salgai egongo da.