Eibar Eskubaloia hasi da 2026/27 denboraldia prestatzen
Irailean hasiko dute lehia Eibar Eskubaloiko talde nagusiek eta, liga hasierara ondo iristeko, abuztuan hasi zituzten entrenamenduak. Ohorezko Zilarrezko Mailan jokatzen duen emakumezkoen taldea abuztuaren 18an itzuli zen lanera, goizez eta arratsaldez egindako entrenamenduekin.
Aurpegi berriekin egingo die aurre denboraldiari, jokalari batzuek taldea utzi eta beste batzuk fitxatu dituelako (Laida Iriondo, Axun Gomez eta Zuzene Diez).
Taldeak Ohorezko Zilarrezko Mailako B multzoan jokatuko du eta liga etxean hasiko du, Ipurua kiroldegian, urriaren 3an edo 4an, Sustatuz Los Chelines taldearen kontra.
Derbia liga hasteko
Lehen Nazional Mailan jokatzen duen gizonezkoen taldeak, ostera, lehenago hasiko du liga. Hain zuzen ere, irailaren 20an arituko da, Ipuruan, Hondarribia-Bidasoaren aurka. Aurten ere C multzoan arituko dira, Euskadiko, Nafarroako eta Aragoiko taldeekin batera.
Taldeak abuztuaren 24an hasi zituen lan saioak, eta datozen asteetan lan fisikoa berreskuratzeaz gain, taldearen automatismoak sendotu eta lehiaketarako erritmoa hartzea izango du helburu.
Eibarrek iazko denboraldiko blokearen zati handiari eutsi dio. Hasierako helburua lehen itzulian ahalik eta erregularren aritzea eta garaipenak pilatzea izango da, sailkapeneko goiko postuetan kokatzeko. Modu horretan, maiatzean jokatuko den Igoera Faserako sailkatzea izango dute jomuga.