Eibarko Eskola Kirolaren 2026/27 ikasturtean izena emateko epea zabalik dago
Eibarko Eskola Kirolak 2026-2027 ikasturterako izen-emate epea zabalik du, eta herriko haurrei kirolarekin lehen harremana egiteko eta jarduera fisiko desberdinak probatzeko aukera eskaini nahi die. Programaren webgunean dagoeneko ageri da datorren ikasturterako matrikulazioa zabalik dagoela.
Eskaintza hiru programa nagusitan banatuko da. Batetik, Jolas Hezi programa dago, LH1 eta LH2ko haurrei zuzenduta. Jolasaren bidez kirol aniztasunera hurbiltzea eta koordinazioa, oreka eta bestelako gaitasunak lantzea du helburu, betiere lagun artean, euskaraz eta integrazioa sustatuz.
LH3tik LH6ra bitarteko ikasleek Multikirolan parte hartu ahal izango dute. Kasu honetan, gaitasun motorrak lantzea eta kirol aniztasuna ezagutzea izango dira ardatzak. Haurrak erdigunean jarri eta bakoitzaren behar eta erritmoetara egokitutako jarduerak proposatuko dituzte, euskaraz eta beste eskoletako haurrekin harremanak sustatuz.
Hirugarren aukera EKE, Eskola Kirol Egokitua izango da, funtzio-aniztasuna duten LH1etik LH6ra bitarteko haurrei kirola eta jarduera fisikoa egiteko aukera eskaintzeko. Programa kirol inklusiboaren bidez garatuko da.
Izen-ematea
Izen-ematea Eibarko Eskola Kirolaren webgunearen bidez egin behar da: www.eibareskolakirola.eus/eu. Zalantzak argitzeko, eibareskolakirola@gmail.com helbidera ere jo daiteke.