Simon Aldazabal Arrateko Igoeraren 31. edizioa jokatuko da hilaren 13an
Irailaren 13an, domeka, Simon Aldazabal Arrateko Igoera Orbetik lasterketaren 31. edizioa jokatuko da, Arrateko Jaien egitarauaren barruan, Eibarko Klub Deportiboak antolatuta.
Hain zuzen ere, lasterketaren irteera Deporren egoitzaren paretik egingo da, Toribio Etxebarria kalean, 10:30ean. Parte-hartzaileek Eibar zeharkatu eta, Azitainen burdinezko zubia igaro ondoren (La Salle ikastetxera doana), Orbeko pistatik egingo dute gora Arrateraino. Horrela, ibilbideak 5,5 km izango ditu eta korrikalariek % 20-tik gorako maldak gainditu beharko dituzte.
Frogaren errekorrak Cristina Loediren (32’21’’) eta El Hassan Oubadiren (25,2’’) esku daude 2011. urteaz geroztik. Iaz, txapela etxean geratu zen, Pello Osoro izan baitzen irabazle (25’41’’) Oier Etxeberria azpeitiarraren (26’55’’) eta Eneko Fernandez (27’24’’) eibartarraren aurretik.
Denbora horiek hausteko edo, beste barik, lasterketa egiteko, parte hartzeko gonbitea luzatu dute antolatzaileek. Gainera, kategoria ezberdinetako lehen sailkatuek sariak jasoko dituztela azpimarratu dute.