“Eibar, Euskaraz heziko duen hiria” jardunaldia egiten ari dira UEUn
Ane Sarasua UEUko Idazkari Nagusiak eta Jon Iraola Eibarko alkateak jardunaldiaren ongietorrian nabarmendu duten moduan, “hiri hezitzailea aniztasuna, kultura, belaunaldiak eta formakuntzaren printzipioak barne hartzen dituen hiri bezala ulertu behar da.”
Azpimarratu dutenez, “Eibar berez hezitzailea dela esan dezakegu hiri-plangintzak, kulturak, ikastetxeek, kirol taldeek, zerbitzuek, elkarteek zein komunikabideek, beste askoren artean, herritarrak hezteko moduak sortzen dituztelako”, Izan ere, Eibarko Udalak Hiri Hezitzaileen nazioarteko erakundearen gutuna sinatzeko asmoa du.
Egitasmoaren helburuak honakoak dira: hiri hezitzailea zer den, nondik datorren eta dituen aukerak ikustea; Eibarko hiriak dituen aukera edo indarguneak jasotzea; euskara eta euskal kulturaren inguruko ekimenen berri izan eta etorkizunera begirako aliantzak sortzea; eta Eibarko elkarte, eskolek eta taldeek elkar ezagutu, kooperatu eta ekintzak antolatzeko espazioak irudikatzea.