Eibar geratuta, grebarekin bat eginda
Martxoak 29rako deitutako grebaren jarraipenaren behin-betiko datuak esku artean izan barik ere, atzo Eibarren ia dena itxita egon zela ikusteko herrian buelta bat ematea, besterik ez zen behar. Eguna gorabehera handi barik igaro zen eta, goizean goizetik enpresa eta bestelakoetara joandako piketeek ailegatu orduko "ia dena itxita" aurkitu zutela adierazi zuten. Egunean zehar hiriburuetan egin ziren mobilizazioek jendetza batu zuten eta arratsaldean, berriz, 50 bat herritan eskualde mailako manifestazioak izan ziren protagonista, tartean Eibarren 18.00ak jota Untzagatik abiatutakoa: gure herrian ez da horrelako jendetza batu urteetan. Manifestazioaren burua Arraguetan gora, Ibarkurutzerako bidean zegoela, Arikitxaneko zubitik behera begiratu eta oraindik ere jendea Bidebarrietatik zihoan. Udaletxeari buelta emanda Untzagara sartzean ere, oraindik jendetza zegoen Toribio Etxebarria kalean. Argazki-bilduma ikusteko, hemen klikatu.