Eibar Igerixan Camargoko Txapelketan eta teknifikazio jardunaldietan nabarmendu da

Paula Calvo Espainiako Igeriketa Federazioak antolatzen duen teknifikazio nazionalean parte-hartzeko hautatu dute
Eibar Igerixan Camargoko Txapelketan eta teknifikazio jardunaldietan nabarmendu da
2026/01/28 10:11
Ekhi Belar Errasti

Joan den larunbatean, urtarrilak 24, Camargoko Txapelketa jokatu zen, eta Eibar Igerixan klubeko talde federatuak maila bikaina eman zuen, emaitza esanguratsuak eta podium ugari eskuratuz.

Emakumezkoen kategorian Paula Calvo (2009), Naroa Osa (2009) eta Itsaso Castrillo (2010) aritu ziren lehian; gizonezkoetan, berriz, Jokin Oneka (2008), Asier Gómez (2003), Julen Canales (2008), Anes Abderrahamne (2009) eta Ander Izaguirre (1997) izan ziren Eibar Igerixako ordezkariak.

Lorpen aipagarrienen artean, Paula Calvok bi garaipen lortu zituen, 100 bizkar eta 200 libre probetan, eta txapelketa sailkapen orokorrean bigarren postuan amaitu zuen. Ander Izaguirrek lehen postua eskuratu zuen 50 librean, Jokin Onekak bigarren egin zuen 200 bularrean, Asier Gómezek hirugarren postua lortu zuen 200 librean, Anes Abderrahmanek hirugarrena 50 librean, eta Itsaso Castrillok bigarren tokia eskuratu zuen 200 librean.

Paula Calvo

Emaitza horiez gain, Paula Calvoren errendimendu bikainak aitortza berezia ekarri dio. Izan ere, Espainiako Igeriketa Federazioak hautatu du teknifikazio nazional batean parte hartzeko. Jarduera otsailaren 1etik 7ra bitartean egingo da Madrilen, eta mugarri garrantzitsua da bai igerilariarentzat bai Eibar Igerixarentzat.

 

Teknifikazio Saria

Bestalde, urtarrilaren 25ean, igandean, Azpeitiko polikiroldegian Teknifikazio Saria ospatu zen. Bertan, Eibar Igerixako Alazne Avellaned (2014), Paule Martin (2014), Xabat Limia (2013), Paul del Río (2013) eta Gorka Castrillo (2013) aritu ziren lehian, eta azken honek hirugarren postua lortu zuen 200 libre proban.