‘Eibar Lagunkoia’ plana eguneratuko du Udalak
‘Eibar Lagunkoia’ planaren fase berri bat jarri du abian Eibarko Udalak, herritarren “bizi-kalitatea hobetu” eta udalerri “irisgarriago, inklusiboago eta adin guztietara egokituago baterantz aurrera egiteko”. 2018an eginiko txostena ebaluatu ostean, egungo errealitatera egokitutako ibilbide-orri berria diseinatu nahi dute. “Plan errealista, erabilgarria eta partekatua eraiki nahi dugu, eta Pertsona Nagusien Mahaia funtsezko pieza izango da prozesu honetan”, adierazi du Sonia Archeli Gizarte Zerbitzuetako zinegotziak.
Eusko Jaurlaritzak abian jarritako ‘Euskadi Lagunkoia’ sarearen parte da plana. 10 urtetik gorako ibilbidea du, eta euskal udalerrietako auzoak eta inguruneak hobetzea ditu xede, betiere adinekoak protagonista izanda. Gaur egun, Araba, Bizkaia eta Gipuzkoa osoko 90 udalerri ditu atxikita: 27 Gipuzkoakoak, 40 Bizkaikoak eta 23 Arabakoak.
2015ean hasi zen ‘Eibar Lagunkoia’ plana Eibarren. “Ordutik, lan-ildo bat finkatu da zahartze aktiboan, autonomia pertsonalean eta herritarren parte-hartzean oinarritutakoa”, dio Udalak.
2018tik gizartean aldaketa sakonak, bereziki pandemiak eragindakoak, izan direla dio Udalak, eta, beraz, hartutako neurrien betetze-maila berrikustea, izandako lorpenak identifikatzea eta oraindik hobetzeko tartea duten arloak hautematea beharrezkoa dela iritzi du. “Egindakoa ebaluatu eta etorkizunari anbizioz begiratu nahi diogu, pertsonen benetako premiak zaintzen, entzuten eta erantzuten dituen udalerria izaten jarraitzen dugula bermatzeko”, adierazi du Jon Iraola alkateak.
Lehen urrats gisa, plan berria egiteko diagnostiko eguneratua egingo da. Diagnostiko horrek 2018ko plana ebaluatu eta otsailean egindako azterketa soziala izango ditu oinarri. Ondoren, adineko pertsonen bizi-baldintzetan sakonduko da, “haien beharrak, pertzepzioak eta proposamenak xehetasun handiagoz ezagutzeko”.
Azkenik, prozesuaren amaieran, lau urtera begirako ekintza-plan berria definituko da, “egungo erronkei erantzun eta etorkizunari aurrea hartzeko diseinatuta egongo dena”.
Pertsona Nagusien Mahaiaren parte-hartze aktiboa proiektuaren fase berriaren oinarrietako bat izango dela dio Udalak. Azaldu dutenez, organo aholkulari horrek bermatuko du kolektibo honen esperientzia eta ahotsa proiektuaren fase guztietan presente egotea, eta diseinatzen diren politika publikoak udalerriko gizarte-errealitatera gehiago egokitzea.