"eibar.org" elkartearen inguruko ikerketa aurkeztuko du bihar Maialen Odriozolak Portalean

"eibar.org" elkartearen inguruko ikerketa aurkeztuko du bihar Maialen Odriozolak Portalean
2016/02/16 11:18
eta kitto!
Maialen Odriozola Martija zumaiarrak Euskal Herriko Unibertsitatean eta Bartzelonako Unibertsitate Autonomoan egin zituen kazetaritza-ikasketak. 2013an Eibarko Udalak antolatzen duen Juan San Martin beka irabazi zuen “eibar.org” gaiarekin. 18 hilabetetan jardun du sareko euskal komunitatean aitzindari izan den webgunea aztertzen, eta bihar (otsailak 17), 19:00etan, Portalean egongo da bere ikerketaren emaitzak aurkezten.

“Euskal blogosferan lehena izan zen eibar.org”


- Zergatik aukeratu zenuen “eibar.org“ ikerketa-gai?
Blogak izugarri gustatzen zaizkit, eta orduak pasa ditzaket pantailaren aurrean blog batetik bestera jauzi eginez. Sarearen handitasunean, ezusteko atsegina da gustuko dudan berri bat deskubritzea. Bada, han-hemenka hainbat gaiei buruz informazioa aurkitu nahian, sarri samar amaitu dut Eibar.org atarian. Horregatik, begiz jota nuen aurretik elkartea. Era berean, kazetaria naiz eta beti izan dut blogen fenomenoa aztertzeko gogoa. Horrenbestez, Juan San Martin bekaren deialdiaren berri izan nuenean, bi gogo horiek uztartu eta hortik abiatu nuen nire ikerketa-proposamena.

- Zeintzuk dira ikerketaren helburuak eta zeintzuk lan horretan landutako gaiak?
Sareko euskarazko komunitatean aitzindaria eta erreferentzia izan da Eibar.org elkartea, eta ikerketa honek bere unibertsoari neurria hartzea izan du xede. Hau da, Eibar.org ikertzea, ebaluatzea eta azaltzea izan da lan honetako asmoa. Horretarako, elkarteko kideek komunikatzeko erabiltzen dituzten tresnak (posta-zerrenda eta blog komunitatea) eta elkartea bera aztertu dira.

- Nola sortu zen “eibar.org” eta zein izan da bilakaera?
“Eibartarrak” posta-zerrendarekin hasi zen Eibar.org-en ibilbidea. Izan ere, bertan emandako hartu-emanei esker sortu zen gerora elkartea. Eibarri buruzko webgunea egitea pentsatu zuten lehenbizi, herriari buruz zerbait egon zedin sarean. Garai hartan, internet eraikitzeko zegoen nolabait, eta edukiak falta ziren, bereziki euskaraz. Esan eta egin: Eibarri buruzko informazioarekin atari estatikoa sortu zuten. Estatikoa zena mugimenduan jarri zuten blog-komunitatea sortzean, 2004ean. Euskal blogosferan lehena izan zen. Horrez gain, hainbat ekimen ere sustatu dituzte elkartearen bereizgarriak uztartuz –teknologiak, euskara edota Eibar–. Horien artean daude Aurki bilatzailea, Kalamuako Parlamentua mahai-jokoa edota GPS-a euskaraz jartzeko ahotsak.

- Zenbat blog daude gaur egun? Nolakoak dira blogariak (profila) eta nolako gaiak jorratzen dira?
37 blog daude eibar.org-en aterpean, nahiz eta guztiak ez dauden bizirik gaur egun. Blog horietan, berriz, arlo anitzetako lagunak daude, elkartean era askotako kideak batu baitira. Ildo beretik, blogariek landutako gaiak ere orotarikoak dira.
Hain justu, aniztasuna eta askatasuna, biak dira blogen mugimenduaren ezaugarri nagusiak: askatasuna eta aniztasuna landutako gaietan, blogarien perfiletan, sarreren tamainan, generoan…

- Webgunean zein da atal azpimarragarriena?
Blog komunitateaz aparte beste atal bat aipatzekotan, “Eibartarrak” posta-zerrenda nabarmenduko nuke. Oinarrian, helbide elektronikoz osatutako lista da posta zerrenda, gai ezberdinenei buruz hitz egiteko eta eztabaidatzeko balio duena. “Eibartarrak” zerrendaren kasuan, 80 harpidetu inguru bildu dira, era guztietako gaien inguruan euskaraz hitz egiteko. Inork probatu nahi badu, erraza da izena ematea: web orrian sartu, formulario bat bete eta bere burua aurkeztu besterik ez du egin behar.