Eibar Rugby Taldea azpitxapeldun Erreginaren Kopako lehenengo fasean

Bigarren fasea hurrengo asteburuan jokatuko da, Villajoyosan
Eibar Rugby Taldea azpitxapeldun Erreginaren Kopako lehenengo fasean
2024/06/11 10:54
eta kitto!

Unben asteburuan jokatutako Iberdrola Erreginaren Kopako lehen fasean eibartarrek maila bikaina eman zuten, finala jokatzeraino. Final horretan azken bi txapeldunen artekoa ikusi ahal izan zen: alde batetik, eibartarrak, iazko txapeldunak; eta bestetik, 2022an torneoa irabazi zuten Sant Cugatekoak. Azken partidu horrek bi zati guztiz desberdinak izan zituen: lehenengoan kataluniarrak gehiago izan ziren, 15-0koarekin aldageletara joateko, baina handik bueltan eibartarrak nagusitu ziren, azken emaitza 15-12an lagatzeko.

Asteburuan jasotako puntuekin, eta beste bi faseak jokatzeko zain, gaur egungo sailkapena honela dago: Sant Cugatek 20 puntu ditu, Eibar Rugbyk 18, CRAT Rialta Sevenek 16, Rugby Turiak 14, Olímpico de Pozuelok 12, Complutense Cisnerosek 10, Jabatas de Móstoles 8, Universidad de Sevilla Costa Blancak 6, Ghenova Cocos Rugbyk 4, Energimac Majadahondak 3, XV Hortalezak 2 eta SANSE Scrum-ek bakarra.

Zazpiko modalitatean jokatzen den Erreginaren Kopan parte hartzen duten estatuko hamabi talde onenek datorren asteburuan Sant Cugaten bertan jokatuko dute bigarren fasea, hurrengo asteburuan (ekainak 22 eta 23) Villajoyosan jokatuko den hirugarrenarekin amaitzeko.