Eibar San Juan jaietan murgildu da, bero-boladaren erdian
Argazkiak: Silbia Hernandez
Asteburuan giroa berotzen hasteko hainbat ekitaldi egon badira ere, gaur hasi dira ofizialki San Juan jaiak Eibarren. Ohikoa den bezala, ongietorria egin zaie Lizarrako dultzaineroiei Estaziñoan. Aurten, gainera, bero boladaren ondorioz, ekitaldi guztiak ordubete aurreratu dituzte. Ondoren, omenduekin eta herriko agintariekin batera Eibarko kaleak zeharkatu dituzte Udaletxera heldu arte. Eibartarrak, betiko moduan, kalera irten dira jaiei hasiera emateko. Aurtengo omenduak Udaletxeko balkoira igo dira jaietako protagonismoa partekatzeko; jarraian, txupinazoak eman die hasiera ofiziala aurtengo San Juan jaiei Untzaga plazan.
Gaur arratdaldeko egitaraua bertan behera geratu da
Gaur arratsalderako antolatuta zeuden hainbat ekitaldi bertan behera geratu dira: ez dira egingo kuadrillen arteko jokoak, ezta klarion tailerra ere, eta bertan behera utzi dute Lizarrako erraldoi eta buruhandien kalejira ere.
Gainera, barrakak itxita egongo dira 12:00etatik 20:00etara.
Beroari aurre egiteko, berriz, uretako puzgarriak jarriko dituzte Untzagan 20:00etatik 22:00etara.
Aurtengo omenduak
Kirolarekin lotutako zenbait omendu izango ditugu aurten. Batetik, mendeurrena egin duen Eibarko Txirrindulari Elkarteak aitortza jasoko du, gure herrian hain errotuta dagoen kirolari eman diona emateagatik. Bigarrenik, beste bi urteurren, hogeita bosgarrena kasu hauetan, Urbat waterpolo taldeak eta Eskozia La Brava SD Eibarren lagunarteak bete dutena. SD Eibarrekin jarraituz, emakumezkoen taldeak aitortza jasoko du aurten F Ligari eutsi diolako; eta azkenik, Zilarrezko Erreginaren Kopa irabazi duen Eibar Rugby Taldeak ere herritarren beroa jasoko du jaietan.
Ustekabe fanfarreak ere 25 urte bete ditu eta, sanjuanak musikaz girotzeaz gain, pregoia irakurriko dute txupinazoaren aurretik. Goi Argi emakumeen elkarteak 75 urte bete ditu eta bertako kideak nagusien danborradaren karrozan joango dira. Urteurrenetatik haratago, Atzegi elkartea eta As Burgas Galiziako Etxea ere omendu nahi izan dituzte hainbat urtetan egindako lanagatik. Jarraian Ustekaberen pregoia:






















































