Eibarko AEK-k Korrika Eguneko herri bazkariko tiketak salgai jarriko ditu domekan

Martxoaren 1ean, 11:30etik 14:30era, Untzagan egongo da salmenta-postua
Eibarko AEK-k Korrika Eguneko herri bazkariko tiketak salgai jarriko ditu domekan
2026/02/24 11:34
Irati Alvarez Malaxetxebarria

Eibarko AEK-k jakinarazi duenez, Korrika Eguneko herri bazkariko tiketak domekan, martxoaren 1ean, salgai jarriko dituzte Untzagan, 11:30etik 14:30era.

Salmenta-postu horretan, herri bazkariko tikez gain, Korrikarekin lotutako hainbat produktu ere eskuragarri egongo dira, besteak beste, korrikako petoak eta arropa.

AEK-k gogorarazi du tiketak agortu arte egongo direla salgai, eta herritarrak lehenbailehen hurbiltzera animatu ditu: “Mugitu eta ez geratu toki barik!”

Martxoaren 7an Topinburun elkartzeko deia

Eibarko AEK-k Topinburura joateko deia ere egin du. Martxoaren 7an, euskaltegiko ikasleak, irakasleak, AEKideak, Korrikazaleak, lagunak eta eskualdeko herritarrak Topingurun elkartzera animatu dituzte.

Deialdi hori Mendiak Bizirik plataformak antolatutako ekimenarekin bat dator; izan ere, martxoaren 7an herrien arteko mendi martxa egingo dute, Basalgo zentral eolikoaren aurkako protestekin jarraitzeko helburuarekin.

Martxan parte hartuko duten taldeak Soraluzetik, Eibartik, Elgoibartik eta Elgetatik abiatuko dira, eta Bergarako herritarrek Soraluzeko taldearekin bat egingo dute. Antolatzaileen asmoa da talde guztiak 11:00etan Topingurun elkartzea, mobilizazio bateratuan parte hartzeko.