Eibarko Arreta Psikosozialaren Programa aurten ere martxan jarriko dute
Eibarko Udalak 2023. urtean martxan jarritako Arreta Psikosozialaren Programa “oso arrakastatsua” izan dela baloratu du udalak. Saioak herriko lau zentro sozialetan (Ipurua, Urki, Behetokia eta Untzagan) egin dira, eta 2024-2025 ikasturtean 102 lagunek hartu dute parte —87 emakume eta 15 gizon—.
Programak adinekoen autonomia eta ongizate emozionala sustatzea du helburu, eta taldekako zein banakako saioak konbinatzen ditu. Era berean, parte-hartzaile bakoitzaren jarraipen pertsonalizatuari esker, ahultasun-egoerak goiz detektatzeko eta gizarte-isolamendua prebenitzeko aukera ematen du.
Emaitza on horien ostean, Udalak iragarri du programa 2025-2026 ikasturtean ere martxan jarriko dutela. Ikastaro berria urriaren 15ean hasiko da, eta izen-ematea zabalik dago herriko lau zentroetan.