Eibarko Arreta Psikosozialeko Programak 119 adineko artatu ditu ikasturte honetan
Eibarko Udalak jakitera eman duenez, Adinekoentzako Arreta Psikosozialeko Programak balantze positiboarekin itxi du 2025-2026 ikasturtea. Gizartekintza Sailak bultzatu eta Adindu Gerontologia Zerbitzuak dinamizatzen duen programak 119 pertsonari eman die arreta aurten —94 emakumeri eta 25 gizoni—. Udalaren esanetan, ekimena tresna garrantzitsua bihurtu da zahartze aktiboa sustatzeko eta mendekotasun-egoerei nahiz nahi gabeko bakardadeari aurre egiteko.
Torrekua gizarte-zentroaren irekiera aurtengo mugarrietako bat izan dela nabarmendu du udalak. Izan ere, talde berri bat sortzeko eta programaren gaitasuna handitzeko aukera eman du. Herritarren erantzuna berehalakoa izan dela ere azaldu dute: plaza guztiak bete dira eta dagoeneko itxaron-zerrenda dago.
Taldekako saioez gain, programak parte-hartzaileen banakako jarraipena ere indartu du. Horretarako, 370 telefono-dei baino gehiago egin dituzte, erabiltzaileei etengabeko laguntza eskaintzeko, zaurgarritasun-egoerak antzemateko eta haiekin harreman estua mantentzeko.
Ikasturtean zehar hainbat jarduera antolatu dituzte gaitasun kognitiboak lantzeko, parte-hartzea sustatzeko eta gizarte-harremanak indartzeko. Besteak beste, Santa Zezilia egunaren ospakizuna, estimulazio kognitiboa lantzeko ikus-entzunezko tailerrak, Eibarko historia eta memoriari buruzko saioak, ikastetxeekin elkarlanean egindako «Ez dira hondakinak, janaria da» hitzaldia eta Osakidetzako profesionalek eskainitako «Osasuna eta uda» saioa aipatu dituzte.
Urteko memoriaren arabera, programaren balorazioa oso positiboa izan da. Zentro guztietan egindako gogobetetasun-galdetegietan %100eko balorazio positiboa jaso dute, eta erabiltzaileek bereziki nabarmendu dituzte jardueren kalitatea, saioen maiztasuna eta monitoreen lana.
Memoriak jasotzen duenez, programaren arduradunak pozik agertu dira lortutako emaitzekin, eta datorren ikasturtean ere ekimenak jarraipena izango duela baieztatu dute, “mendekotasuna prebenitzeko, ongizate emozionala sustatzeko eta nahi gabeko bakardadeari aurre egiteko helburuei eutsiz”.