Eibarko Artisten Elkartea: 60 urteko sormenaren eta komunitatearen bilgune
Pinturarako zaletasunak elkartutako lau lagunen ekimenetik sortu zen 1966an Eibarko Artisten Elkartea. Jose Kareaga, Paulino Larrañaga, Dioni Murua eta Alejandro Marfulek jarri zuten oinarria, eta urte gutxiren buruan taldea handitzen joan zen. 1975ean eratu zen ofizialki elkarte gisa, eta ordutik jarduera artistikoa sustatzen dihardu etengabe.
Lehen urteetan, tokiko zein kanpoko artista ezagunen lanak erakutsi zituzten, besteak beste Ignacio Zuloaga eta Jacinto Olabe bezalakoenak. Gaur egun, ordea, elkartearen jarduna askotarikoa da, eta diziplina ugari biltzen ditu. "Ez da margolarien elkarte hutsa; eskultura, argazkilaritza edo bestelako tekniketan aritzen den jendea ere badago", azaldu du Santi Entrenak. "Elkarte irekia da", azpimarratu du presidenteak.
Gaur egun, 160 bazkide inguruk osatzen dute elkartea. Horien artean daude, Esteban Oroz, Elisabet Eguren eta Santi Entrena artistak. Jakinarazi dutenez, elkartean denek ez dute sortzen, baina denek partekatzen dute sentsibilitate artistikoa. “Batzuek lehen margotzen zuten eta orain ez; beste batzuek, berriz, artearekiko harremana mantendu nahi dute besterik gabe”, dio Elisabet Egurenek.
Bazkide berriei begira, Esteban Orozek belaunaldi berriengan jarri du arreta eta gehitu du azkenaldian gazte gehiago batu direla: “Garrantzitsua da belaunaldi berriei lekua egitea; etorkizunean haiek eramango baitute elkartea”.
Kide izatea ez da oztopo ekonomikoa: “Urteko kuota sinbolikoa da, 18 euro ingurukoa”, azaldu du Orozek irribarrez. Hala ere, balioa ez da dirutan neurtzen: "Elkartea ikasteko, partekatzeko eta harre-manak sortzeko espazioa da", adierazi du Elisabetek.
Jarduera ugari eta ikuspegi zabala
Urtero Portalean egiten den talde erakusketa da elkartearen ekitaldi nagusietako bat: bazkide bakoitzak norberak sortutako bi lan aurkezteko aukera izaten du. Horrez gain, aire libreko pintura-lehiaketa ere antolatzen dute. Haien esanetan, "udalak babestuta, baina elkartearen lanari esker bizirik mantentzen den jarduera".
“Artistontzat aire librean margotzea ezinbestekoa da”, azpimarratu du Orozek. “Argazki batetik kopiatzen baduzu, kopiatu besterik ez duzu egiten; kalean, berriz, argia, perspektiba eta koloreen aldaketak ulertu behar dituzu”.
Irteera kulturalak eta bisita gidatuak ere antolatzen dituzte. Eta giroari dagokionez, kulturaz gain, eguneroko harremanek ere garrantzia dute: “Bidaien antolaketan, kulturak bezainbeste pisu du gastronomiak”, aitortu du Entrenak irribarrez. “Lehenengo galdera beti da non jango dugun”.
Estereotipoei aurre, sormenaren alde
Elkarteak kritikak ere jaso izan ditu, bereziki estilo artistikoari dagokionez. Horri erantzuteko, aurten lan abstraktuak sartu dituzte Portaleako erakusketan. “Jendeak uste du pintura klasikoari lotuta gaudela, eta aurten hori apurtzeko pauso bat eman dugu”, azaldu du Entrenak.
Eta gogorarazi du abstrakzioaren aitzindaria emakume bat izan zela: Hilma af Klint. Elisabet Egurenek argi du: “Beti egongo da kritikaren bat, baina guk umorez hartzen dugu”.
Aitortza falta eta aldarrikapena
Elkarteak baditu erronkak ere, batez ere erakusketa espazioei dagokienez. “Badirudi herrian arte mota jakin bati soilik ematen zaiola lehentasuna”, salatu du Entrenak.“Guk tokiko artistek beren lana erakusteko espazio duina izan dezaten nahi dugu soilik”.
Hala ere, adierazi dute, paradoxikoki, elkartearen erakusketak izaten direla jendetsuenak.
Artea, topagune eta terapia
Elkartearen indarra ez da soilik artea egitea, baizik eta espazio sozial bat sortzea. “Arteak onura handia du maila mentalean”, dio Entrenak. “Hemen ez zaudebakarrik margotzen; besteekin zaude, partekatzen eta ikasten”.
Egurenek ere antzera bizi du: “Margotzen ari zarenean, burua horretan duzu. Eguneroko arazoak ahazten dira. Terapia moduko bat da”.
Eta Orozek umorez borobiltzen du: “Denbora ohartu gabe pasatzen da. Nik Einstein-en erlatibitatearen teoria margotzen ulertu nuen”.
Etorkizuna: irekia eta kolektiboa
Elkarteak argi du norabidea: irekitasuna. “Ez dugu nahi jendeak pentsatzea hau talde itxi bat dela”, diote. “Atea zabalik dago edonorentzat”.