Eibarko azken 50 urteetako irudiak kalera aterako ditu Udal Artxiboak ekainaren 11n

Udalak azaldu duenez, Untzagan egingo dituzten proiekzioetan "inoiz erakutsi gabeko grabazioak eta herriko memoria kolektiboa osatzen duten pasarteak" ikusi ahal izango dira.
Eibarko azken 50 urteetako irudiak kalera aterako ditu Udal Artxiboak ekainaren 11n
2026/06/08 12:30
Irati Alvarez Malaxetxebarria

Eibarko Udal Artxiboak herriko azken hamarkadetako memoria ikus-entzunezko bidez plazaratuko du ekainaren 11n, Artxiboen Nazioarteko Astearen harira antolatutako ekitaldi berezi batean. Horretarako, Untzaga plazan pantaila erraldoi bat jarriko dute, eta udal artxiboetan nahiz desagertutako KTB telebistaren funtsetan gordetako irudi historikoak proiektatuko dituzte.

Egun osoan zehar lau emanaldi egingo dituzte: 11:30ean eta 13:00etan goizez, eta 17:30ean eta 19:00etan arratsaldez. Eguraldi txarra egingo balu, saioak Errebaleko plaza estalira eramango lituzkete.

Proiekzioak Eibarko azken 50 urteetako historiaren errepasoa egingo du hiru atal nagusiren bidez. Lehenengoak hirigintzaren eta ekonomiaren bilakaera izango du hizpide, gaur egun desagertuta dauden edo erabat aldatu diren espazio, eraikin eta enpresen irudiekin. Besteak beste, Armen Probalekua, Taltxazelai frontoia, Urki eta Alfa eskolak edota Valenciaga eta Star bezalako enpresak agertuko dira. Halaber, Aixolako urtegiaren inaugurazioa edo Eibarko saihesbidearen eraikuntza bezalako uneak gogoratuko dituzte.

Bigarren atalak herriko bizitza sozialari erreparatuko dio. Jaiak, herri mugimenduak, mobilizazioak eta Eibarren memoria kolektiboan iltzatuta geratu diren hainbat gertakari izango dira protagonista. Horien artean daude 1995eko Korrika, intsumisoen aldeko mobilizazioak, ...eta kitto! aldizkariaren aurkezpena, emakume raketisten omenaldia edo Azitainen izandako tren istripu larria.

Azkenik, kirolari eskainitako atalak Eibarren tradizio handia duten modalitateetako irudiak bilduko ditu. KTBren artxiboari esker, futbola, eskubaloia, errugbia, pilota, atletismoa, igeriketa, boxeoa edo herri kirolak izango dira ikusgai, besteak beste.

Aurten, gainera, berritasun bat izango du ekimenak. Emanaldien arteko tarteetan, udal artxiboan gordetako argazki zaharretatik abiatuta adimen artifizialaren bidez sortutako animazioak proiektatuko dituzte, iraganeko irudiei mugimendua emanez.

Udalaren arabera, ekimenaren helburua da artxiboetan gordetzen den ondarea herritarrengana hurbiltzea eta belaunaldi desberdinen artean oroitzapenak partekatzeko espazioa sortzea. Azken urteotan, Udal Artxiboak hainbat jarduera antolatu ditu helburu horrekin, hala nola erakusketak, bisita gidatuak, irratsaioak eta dokumentalak.