Eibarko bederatzi abesbatza elkartuko dira zapatuan 'Eibar Kantuz’ kontzertuan
Eibarko bederatzi abesbatzek bat egingo dute Coliseo antzokian, ‘Eibar Kantuz: cantar para celebrar’ kontzertuan. Eibarko Musika Eskolak antolatu du ekimena, herriko koruak egun berean eta agertoki berean elkartzeko asmoz. Antolatzaileen esanetan, guztira, 200 abeslari inguru igaroko dira eszenatokitik. Irene Hernando izango da aurkezlea, eta emanaldia 19:30ean hasiko da.
Eibarren abesteko zaletasuna handia da, eta gaur egun hainbat taldek jarduten dute horretan. Kontzertuan, bederatzi abesbatzek parte hartuko dute: Jubiletxe Untzaga, San Andres parrokiako abesbatza, Debabarrenako Orfeoiaren korua, EKOS abesbatza, Eibarko Koro Gaztea, JBG Korua, Koralito Ipurua, Jubiletxe Beheko Tokia eta Kaleetan Kantuz taldea.
Sarrerak Coliseoko leihatilan eta Kutxabanken eskuratu ahal izango dira, bost euroren truke.


