Eibarko EAJ-PNVk Arrate Egunean jasotakoa Afagi Alzheimer elkartearentzat izango da

Eibarko EAJ-PNVk Arrate Egunean jasotakoa Afagi Alzheimer elkartearentzat izango da
2025/09/05 14:19
eta kitto!

Irailaren 8an Eibarren ospatuko den Arrate Egunean, EAJ-PNVren txosnan bildutako diru guztia Afagi Alzheimer elkarteari emango zaio. Elkarteak gaixotasuna duten pertsonen eta senideen bizi-kalitatea hobetzeko egiten duen lana aitortu eta babesteko ekimena da.

Afagi 1991n sortu zen Gipuzkoan, Alzheimerra duten pertsonen eta haien familien bozeramaile eta defendatzaile izateko asmoz. Urte hauetan hazkundea izan du elkarteak, eta gaur egun zortzi egoitza ditu lurraldean, horietako bat Eibarren bertan.

Elkarteak arreta psikologikoa, psikosoziala eta kognitiboa eskaintzen die gaixoei eta senideei, eta formakuntza programak ere garatzen ditu. “Datorren irailak 8an txosnan jasoko dugunarekin, elkarte honi laguntza eman nahi diogu, bere lan garrantzitsuarekin jarrai dezan, gaixoak eta familiak artatuak izaten jarraitzeko”, azaldu du Eva Juez Garmendiak, Eibarko EAJ-PNVko presidenteak.

EAJ-PNVk herritarrak animatu ditu Arrate Egunean txosnara hurbiltzera eta ekarpen ekonomikoak egitera, “ahal den diru gehiena jasotzeko eta Afagiri laguntzeko”. Era berean, gogorarazi dute Alzheimer elkartea bazkidetzaren bidez, dohaintza eginez edo boluntariotzan arituz lagunduz babestu daitekeela.

“Afagi zoriontzen dugu egiten duten lanarengatik eta jarrai dezatela eskatzen diegu. Gure aldetik, EAJ-PNVk beti izango du prest laguntza eta elkarlana indartzeko borondatea”, gaineratu du Juezek.