Eibarko EAJ-PNVk Arrateko txosnan bildutako dirua Goi Argiri emango dio aurten

Jeltzaleek herritarrak Arratera igo, jaiak gozatu eta, aldi berean, Eibarko elkartearen gizarte-ekimena babestera animatu dituzte.
Eibarko EAJ-PNVk Arrateko txosnan bildutako dirua Goi Argiri emango dio aurten
2026/09/02 12:34
Irati Alvarez Malaxetxebarria

Eibarko EAJ-PNVk Arrateko jaietan jarriko duen txosnan bildutako dirua Goi Argiri Eibarko Emakume elkarteari emango dio. Jeltzaleek azaldu dutenez, ekimen horren bidez jaiak ospatzeaz gain, Eibarren bertan egiten den gizarte-lana babestu nahi dute.

EAJ-PNVk herritar guztiak Arratera hurbiltzera, jaietako ekintzetan parte hartzera eta bere txosnara gerturatzera animatu ditu. Horrela, txosnan egiten den kontsumizio bakoitzak Goi Argiren lana babesten lagunduko duela nabarmendu dute.

 “Arrate gurea den festa da, eibartarrontzat topaketarako eta elkarbizitzarako eguna. Aurten, gainera, gure txosnara hurbiltzeko beste arrazoi bat gehitu nahi izan dugu: jaietaz gozatzeaz gain, Goi Argiri eta gure hirian egiten duen lan garrantzitsuari laguntzen ari garela jakitea”, adierazi du EAJ-PNVk.

Jeltzaleek azaldu dutenez, ez da txosnaren diru-bilketa helburu solidario batera bideratzen duten lehen aldia, duela urte batzuk lehen txosna jarri zutenetik antzeko ekimenak egin baitituzte.

Azkenik, Eibarko EAJ-PNVk Arrateko jaiak “alaitasunez, errespetuz eta parte-hartzearekin” bizitzeko deia egin du.