Eibarko EH Bildu: “Berandu eta gaizki kudeatu dituzte Eibarko haurreskolak"
Eibarko EH Bilduk Eibarko haurreskolen egoera salatu du, eta udal gobernuari “errespetu falta eta kudeaketa eskasa” egotzi dizkio. Koalizioaren arabera, plazen gabezia hainbestekoa da, non Eusko Jaurlaritzako Hezkuntza sailburuak esku hartu behar izan duen.
EH Bilduren ustez, arazoa ez da berria. Egoera 2023an haurreskolak publifikatu zirenetik datorrela azaldu dute, eta ordutik udal gobernuak “beste alde batera begiratu” duela salatu dute. Koalizioak dioenez, hiru urtez aurkeztutako aurrekontu-proposamenak baztertu egin dituzte, espazio berriak sortzeko aukerak galduz. “2026an ere arazoak bere horretan jarraitzen du”, ohartarazi dute, eta gogorarazi dute ikasturte hasieratik haur askok plaza gabe jarraitzen dutela, familientzat ondorio ekonomiko eta kontziliazio arazoekin.
“Berandu eta gaizki”
Udalak bi haurreskola berri irekitzeko asmoa iragarri badu ere, EH Bilduk neurri hori “espedientea betetzeko irtenbide eskasa” dela uste du. Salatu dutenez, proposatutako lokalak txikiak dira, ez dute behar adinako sarrerarik, eta ez dute haurrek behar duten kanpo espaziorik.
Bestalde, matrikulazio-prozesuak blokeatuta jarraitzen duela kritikatu dute. EH Bilduren arabera, EAJ-PNV eta PSE alderdiak —Eusko Jaurlaritzan gobernu-kide direnak— ardura elkarri egozten ari dira (udala, Hezkuntza Saila eta Partzuergoa), benetako konponbideak eskaini beharrean. Horren adibide gisa, gogorarazi dute 2024ko apirilean bi alderdiek kontra bozkatu zutela LAB sindikatuak plazak handitzeko aurkeztutako mozioa.
EH Bilduk nabarmendu du Udalak badituela erroldako datuak, eskariaren aurreikuspena egiteko. “Ez da garaiz heldu arazoari, eta proposatutako irtenbidea ez da nahikoa”, adierazi dute.
Azkenik, koalizioak alkateari eta bere taldeari eskatu die herriko benetako beharrei buruzko azterketa sakona egiteko, eta ohartarazi du aurreikusitako plazak ez direla nahikoak izango. Halaber, “azkartasunez eta arduraz” jokatzeko eskatu dute, Eibarko familia bakar bat ere oinarrizko zerbitzu honetatik kanpo gera ez dadin.