Eibarko EH Bilduk salatu du Haurreskolen egungo egoera “aurreikuspen eta plangintza faltaren ondorio zuzena” dela

Alderdi subiranistak “erantzukizunez jokatzeko, arazoari bizkarra emateari uzteko eta familia guztiei benetako irtenbideak emateko” eskatu dio udal gobernuari. Bestalde, hainbat familiek bigarrenez protesta egin zuten eguenean udaletxe parean.
Eibarko EH Bilduk salatu du Haurreskolen egungo egoera “aurreikuspen eta plangintza faltaren ondorio zuzena” dela
Irati Alvarez Malaxetxebarria

Eibarko EH Bilduk Eibarreko Haurreskolen egoera salatu du, eta ohartarazi du arazoak konpondu gabe jarraitzen duela. Koalizioak adierazi duenez, Eibarko udal gobernuak —PSE eta PNVk osatua denak— “kudeaketa falta eta errespetu eza” erakutsi dituela gai honetan,  eta “defendaezina” den egoera bat defendatzen jarraitzen du. Halaber, azpimarratu du egoeraren larritasuna dela eta Hezkuntza sailburuak berak esku hartu behar izan duela.

Koalizioaren arabera, datuek agerian uzten dute plangintza eskasa. Abenduan 41 plaza bazeuden ere, maiatzean eskaintza 36ra jaitsiko dela azaldu du: “0-1 urte bitarteko tartean 16 plazak beteta daude dagoeneko, eta gutxienez bost familia kanpoan geratu dira. Aldiz, 1-2 urteko gelan 20 plazetatik lau bakarrik bete dira”. Horrek, koalizioaren ustez, ”eskaintza benetako eskariari egokitzeko gaitasunik eza” erakusten du.

Egoera horren aurrean, neurri “inprobisatuak” hartu direla salatu du EH Bilduk, hala nola 12 hilabete betetzear dauden haurrak talde handiagora pasatzea plazak aprobetxatzeko. Neurri hori udal gobernuaren aurreikuspen faltaren ondorio dela iritzi dio koalizioak.

Bestalde, espazioen egokitasuna ere jarri du zalantzan. Azaldu duenez, Blas Etxebarriako Haurreskolaren kasuan, ez dago orgak uzteko gunerik, kanpoko patioa ez da egokia —urrun dagoelako, estalperik ez duelako eta lurra desegokia delako—, eta barruko espazioa txikiegia da 16 haur eta lau hezitzailerentzat. Gainera, koalizioak salatu duenez, apirilaren 30ean oraindik altzari guztiak iritsi gabe zeuden, irekiera data gertu egon arren.

Koalizioak gogorarazi du egoera ez dela berria: azken hiru urteetan matrikulazioak handitu egin dira, eta, beraz, Udalak denbora izan du plangintza egiteko, lokal egokiak bilatzeko eta obrak gauzatzeko. Hala ere, aurten ere hainbat haur plazarik gabe geratuko direla ohartarazi du.

EH Bilduk gogorarazi du egoera ez dela berria: “azken hiru urteetan haurreskoletako matrikulazioak handitu egin dira, eta, beraz, Udalak denbora nahikoa izan du plangintza egiteko, lokal egokiak bilatzeko eta beharrezko obrak gauzatzeko”. Hala ere, aurten ere hainbat haur plazarik gabe geratuko direla ohartarazi du.

Koalizioaren arabera, arazoaren jatorria 2023ko publifikazioan dago, eta kritikatu du une hartan udal gobernuak ez zuela behar bezala jokatu. Ordutik, EH Bilduk hainbat proposamen egin dituela adierazi du —plazak handitzeko eta espazioak egokitzeko—, baina adierazi du guztiak baztertu dituztela PSEk eta PNVk.

Bestalde, udal gobernuak bere “erantzukizuna saihestu” nahi duela salatu du, Hezkuntza Sailari eta Haurreskolen Partzuergoari egozten dielako ardura, nahiz eta bi erakundeetan alderdi berak egon agintean.

Horregatik guztiagatik, EH Bilduren ustez, egungo egoera “aurreikuspen eta plangintza faltaren ondorio zuzena da”. Haren iritziz, haurreskola berrien irekiera berandu dator eta ez die benetako beharrei erantzuten; beraz, “behin-behineko adabaki” bat besterik ez da.

Azkenik, familien eskariak bere egin ditu koalizioak, eta honako neurriak eskatu ditu: kanpoan geratu diren haur guztientzako plazak bermatzea; espazio egoki eta seguruak eskaintzea, orgak uzteko guneekin; adinera egokitutako kanpoko patioak izatea; etorkizuneko beharren kalkulu zehatza egitea erroldako datuetan oinarrituta; eta epe ertain eta luzera plazak bermatuko dituen plan integral bat diseinatu eta martxan jartzea.

EH Bilduk udal gobernuari eskatu dio “erantzukizunez jokatzeko, arazoari bizkarra emateari uzteko eta Eibarko familia guztiei benetako irtenbideak emateko”.

Gurasoen bigarren protesta udaletxe parean

Familiek bigarrenez egin dute protesta Eibarko udaletxe aurrean, haurreskolen egoera salatzeko. Apirilaren 30ean elkartu ziren berriro, eta salatu zuten alkateak berak aitortu zuela ez zekiela plaza kopurua nahikoa izango zen ala ez.

Gurasoen arabera, ez da aurrez kalkulatu beharrezko plaza kopurua, eta salbuespenezko neurriak eskatu arren —12 hilabeteko haurrak taldez aldatzea— ez dute erantzun positiborik jaso.

Halaber, Blas Etxebarria-ko egoera ere kritikatu dute: karroentzako lekurik ez dago, kanpoko jolastokia ez da egokia eta barruko espazioa txikiegia da. Gainera, haurreskola ireki aurretik altzariak falta zirela ere salatu dute.

Azkenik, plazak bermatzeko neurriak, espazio egokiak eta etorkizuneko beharrak planifikatzeko sistema egonkor bat eskatu dute.