Eibarko EH Bilduk Sanjuan jaien antolaketa kritikatu dio udal gobernuari
Sanjuan jaien atarian, jaiak antolatzeko modua kritikatu dio Eibarko EH Bilduk udal gobernuari. Koalizioak salatu duenez, udal gobernuak “benetako” parte-hartzea baztertu eta jai egitarauko hainbat gairen inguruan aldebakarreko erabakiak hartu ditu.
Alderdi subiranistak azaldu duenez, jaietako programa Jai Batzorde Aholkularian publiko egin baino ordubete lehenago aurkeztu zen. Udal gobernuaren jarrera “onartezina” dela salatu du EH Bilduk: “horrela, batzordea edukiz guztiz hustu egiten da, eta elkarte, kolektibo eta ordezkariek programa aztertu edo benetako ekarpenak egiteko aukera ezabatzen da.”
Sokamuturrarekiko desadostasuna
Bestalde, sokamuturra jai egitarauan berriz sartzearekiko desadostasuna adierazi du alderdiak. Adierazi dutenez, herri askotan mota honetako ekitaldiak kentzen ari diren bitartean, herrian berriz ere berreskuratzea erabaki da. Gainera, azpimarratu dute erabakia modu aldebakarrean hartu dela, “dauden parte-hartze guneetan inolako adostasunik edo aurretiazko eztabaidarik gabe”.
Sektore desberdinak kanpo
EH Bilduk salatu du herriko jai eredua urtero ia berdina dela, eta ez dela herritarren benetako entzute aktiborik egiten, ezta Sanjuanen etorkizunari buruzko hausnarketa partekaturik ere. Koalizioaren ustez, sektore jakin batzuk baino ez dira entzuten, herrian dauden iritzi eta sentsibilitate asko bazterrean utziz.
Herri jaiak adostasunetik, entzute aktibotik eta parte-hartzetik eraiki behar direla defendatu du EH Bilduk, eta “ez goitik behera inposatutako erabakien bidez”.
Gardentasun falta aurrekontuan
Azkenik, jaietako aurrekontuaren inguruko gardentasun handiagoa eskatu du berriro ere alderdi subiranistak. Zehazki, gastuen banaketa zehatza jasotzea eskatu du, ekitaldi esanguratsuenen kostuarekin. Gehitu duenez, Sanjuan jaietara bideratzen den aurrekontua urtero handitzen ari da, “oso kopuru altuetara iritsi arte”, eta alderdiak adierazi du zilegi iruditzen zaiola eztabaida irekitzea “ea benetan beharrezkoa ote den hainbeste diru publiko egungo jai eredura bideratzea”.
Gauzak horrela, adierazi du Eibartarrek eskubidea dutela jaietan diru publikoa “zertan eta nola” gastatzen den jakiteko: “Gardentasuna ohiko praktika izan behar da jaien kudeaketan ere”.