Eibarko Euskararen Plan Estrategiko berria prestatzen jarraituko dute bihar
Eibarko Euskararen Plan Estrategiko berria prestatzen jarraitzeko bigarren gogoeta-saioa egingo dute datorren martitzenean, urriaren 6an, Markeskuan. 18:00etan hasiko da eta ordu eta erdi inguruko iraupena izango du. Eibarko Udaleko Euskara Sailak, AKEBAI plataformarekin eta Ahize-AEKren laguntzarekin, prozesuaren berri eman du, eta herritarren eta eragileen parte-hartzea sustatu nahi duela azaldu du.
2026-2035 aldirako plan berria prestatzea da prozesuaren helburua, aurreko planaren 2016-2025 aldiko ibilbidearen ebaluazioa abiapuntu hartuta. Irailaren 22an egin zuten lehen saioa, eta orduan aurreko planaren inguruko balorazioa eta hausnarketa egin zituztela azaldu dute.
Bigarren jardunaldian, AROA metodologia landuko dute, plan berriak izango duen egitura ezagutzeko eta Eibarrerako lehentasunak identifikatzeko. Lehen saioan jasotako ekarpen eta proposamenak ere abiapuntu izango dituzte, eta hainbat ariketa egingo dituzte gai horietan sakontzeko.
Hiru saioak elkarren osagarri izango direla azaldu dute antolatzaileek, eta hiruretan parte hartzea gomendatu dute. Hala ere, lehen jardunaldian parte hartu ez dutenek ere bigarrenean eta hirugarrenean parte hartzeko aukera izango dutela adierazi dute. Hirugarren eta azken saioa urriaren 20an egingo dute; orduan, diagnostikoan jasotako indarguneak eta hobetu beharreko alderdiak kontuan hartuta, etorkizuneko lan-ildoak eta planaren antolaketa landuko dituzte.
Udalak eta AKEBAIk herritarren eta eragileen ahotsak jasotzeko deia egin dute, datozen hamar urteetarako Eibarko euskararen inguruko ibilbide-orria elkarlanean osatzeko.
Saioa 18:00etan hasiko da, eta antolatzaileek 10 minutu lehenago Markeskuara joateko eskatu dute.