Eibarko familiek 70 eurora arteko laguntza jaso ahal izango dute ikasturte hasierako erosketetarako

‘Umeak Eskolara’ eta ‘Dirulaguntzak Ikasleei’ programetako eskaerak urriaren 16ra arte aurkeztu ahal izango dira.
Eibarko familiek 70 eurora arteko laguntza jaso ahal izango dute ikasturte hasierako erosketetarako
2026/09/14 14:43
Irati Alvarez Malaxetxebarria

Ikasturte hasierako gastuei aurre egiteko laguntzak eskatu ahal izango dituzte Eibarko familiek aurten ere. Udalak ‘Umeak Eskolara’ eta ‘Dirulaguntzak Ikasleei’ programen beste edizio bat jarri du martxan, eta laguntzaren gehieneko zenbatekoa 70 eurora igo du onuradun bakoitzeko, aurreko edizioko 60,10 euroetatik. Eskaerak irailaren 14tik urriaren 16ra aurkeztu ahal izango dira.

Laguntzak Eibarko saltokietan egindako erosketak ordaintzeko erabili beharko dira. Arropa, oinetakoak, eskolako materiala —testu-liburuak izan ezik—, betaurrekoak, lentillak eta kirol-ekipamendua erosi ahal izango dira. Erosketak irailaren 1etik urriaren 16ra bitartean egindakoak izan beharko dira.

Bi programetarako, Udalak 305.579,30 euroko zuzkidura bideratu du. Horietatik 215.639,40 euro ‘Umeak Eskolara’ programarako izango dira, eta 89.939,40 euro ‘Dirulaguntzak Ikasleei’ programarako. Laguntzen helburua familiei ikasturte hasierako gastua arintzea eta, aldi berean, tokiko merkataritzan kontsumoa sustatzea da.

Bi programak

‘Umeak Eskolara’ programa 2011ko urtarrilaren 1etik 2024ko abenduaren 31ra bitartean jaiotako haurren gurasoei, tutoreei edo familia-harrerako pertsonei zuzenduta dago, harrera-zentroak salbu. Eskatzaileek 2026ko urtarrilaren 1etik maiatzaren 31ra bitartean etenik gabe Eibarren erroldatuta egon beharko dute.

‘Dirulaguntzak Ikasleei’ programaren hartzaileak, berriz, araututako edo okupaziorako ikasketak egiten ari diren ikasleak dira, gutxienez 600 orduko iraupena badute; baita homologatutako master edo doktoretzak eta helduentzako zentroetako (HHI) zein zentro publikoetako ikasketak egiten ari direnak ere. 2001eko urtarrilaren 1etik 2010eko abenduaren 31ra bitartean jaioak izan beharko dute eta 2026an Eibarren etenik gabe erroldatuta egon.

Eskaerak Errebal Plazan

Eskaerak aurkezteko bulegoa Errebal Plazako lokal batean egongo da zabalik irailaren 14tik urriaren 16ra. Astelehen, eguazten eta ostiraletan 9:30etik 13:30era egongo da irekita; martitzen eta eguenetan, berriz, 9:30etik 13:00etara eta 15:00etatik 18:30era.

Eskabide-orriaz gain, ‘Dirulaguntzak Ikasleei’ programaren kasuan matrikularen egiaztagiria aurkeztu beharko da. Era berean, saltokiaren fakturak laguntzaren titularraren izenean egon beharko dira, eta erositako produktuak zehaztuta agertu beharko dira. Banku-kontuaren titulartasuna egiaztatzeko dokumentua ere aurkeztu beharko da.

Udalak gogorarazi du eskaerak aurkezteko epea aurreko edizioan baino laburragoa dela, eta azken egunetara arte ez itxaroteko eskatu die interesdunei.