Eibarko Haurreskoletan aire girotuko sistemak jartzeko lanak hasi dituzte
Eibarko haurreskoletako tenperatura-baldintzak hobetzeko lehen urratsak eman ditu Udalak. Orbeako Haurreskolan hasi dira aire girotuko sistema jartzeko lanak, eta ondoren Amaña, Arrateko Andramari eta Jazinto Olabeko haurreskoletan egingo dituzte.
Azken hilabeteetako tenperatura altuek eta haurreskoletako familien eskaerek eraginda ekin dio Udalak jarduketari. Instalazioetako klimatizazio-baldintzak hobetzeko beharra agerian geratu dela azaldu du Udalak, eta zentroak pixkanaka egokitzea da asmoa.
Orbeako lanek hiru aste inguruko iraupena izango dute, eta 12.624 euroko aurrekontua dute, BEZa aparte. Aire girotuko ekipoak hornitu eta instalatzeaz gain, horien konexio elektrikoak egiteko beharrezko lanak ere egingo dituzte.
Orbean amaitutakoan, Amaña, Arrateko Andramari eta Jazinto Olabeko haurreskoletan jarraituko dute lanek. Udalak azaldu duenez, zentro horietako jarduketak ere aurreikusita ditu, eta lanak modu mailakatuan egitea da asmoa.
Coliseoaren klimatizazioa ere aztergai
Haurreskoletatik harago, Coliseo antzokiaren klimatizazio-baldintzak hobetzeko aukera ere aztertzen ari da Udala. Jarduketa gauzatzeko memoria teknikoa prestatzen ari dira, ondoren dirulaguntza eskatu ahal izateko. Finantzaketa lortuz gero, datozen hilabeteetan ekitea aurreikusten dute.