Eibarko Hiri Antolamendurako Plan Nagusiaren aldaketa puntualerako proposamena aurkeztu dute
Etorkizunean Txonta auzoa garatu eta berroneratu ahal izateko, auzoaren planeamendua prestatzea helburu duen Eibarko Hiri Antolamendurako Plan Nagusiaren (HAPO) aldaketa puntuala aurkeztu dute gaur goizean Jon Iraola alkateak eta Ana Telleria Hirigintzako zinegotziak. Aldaketa puntualak, halaber, bere gain hartuko ditu Errekatxu kaleko 17, 19 eta 21 zenbakiak. Prentsaren aurrean aurkeztu duten aldaketa hau gaur bertan aurkeztu dute Hirigintza Batzordean, eta aurrera egin dezan Udalbatzak onartu beharko du.
Prentsaurrekoan esan dutenez, “batetik, aldaketa honek aukera emango du Eusko Jaurlaritzak Txontako hegoaldean alokairurako babes ofizialeko 200 etxebizitza eraikitzeko. Inbertsio hori Eusko Jaurlaritzaren Kontseiluak onartu zuen, 2020ko otsailean, babes ofizialeko etxebizitza-premiari erantzuteko eta auzoa biziberritzen laguntzeko helburuarekin”. Horretarako, Udalak eta Eusko Jaurlaritzak hitzarmena sinatu zuten 2021ean.
Horrekin batera, jarduketa honek Txonta auzoaren eraberritze integral bat burutzen lagunduko duela esan dute: “Batetik, espazio libreak sortuko dira auzoaren bihotzean, eta Txonta kalea oinezkoentzako gune bihurtuko da, hala, erdigunearekiko duen mendekotasuna murriztuz. Bestetik, oraingo egoera hobetuko da, auzoa iparretik hegora zeharkatuko duen eta bi noranzko izango dituen bide bat egingo baita, oinezkoen segurtasuna hobetuz. Eta, azkenik, lehendik dauden eraikinen ingurunea ere hobetuko da”.
Jon Iraola alkatearen berbetan, “Eusko Jaurlaritzak milioi askoko inbertsio bat jarri zuen herriaren esku, zehazki, auzoaren hegoaldeko partearentzat, eta ezin genuen aukera hori galtzen utzi. Horregatik, hilabeteak daramatzagu lanean gure planeamenduaren aldaketa puntual hau planteatzeko. Izan ere, auzoaren premia nagusiei erantzuteaz gain, herriaren, eta, zehazki, Txonta auzoko bizilagunen interesei begira diseinatu baita, haiek izango dira-eta inbertsioaren zuzeneko onuradunak”.
Aipatutakoarekin batera, aldaketa honek auzoaren ipar partearentzat antolamendu berri bat jasotzen du, “alegia, Urkizuko pasealekutik gertuen dagoen ingurunearentzat, non etorkizunean hirigintza-garapen bat aurreikusten den eremuaren jabe nagusia den eragile pribatu baten eskutik”.
Era berean, Txontarako egin beharreko lana baliatuz, Errekatxu kaleko 17, 19 eta 21 zenbakientzako planeamenduaren aldaketa ere Udalbatzara eramango dute, bertan onartu dezaten. Ana Telleria Hirigintza zinegotziak azaldu duenez, “Errekatxu kaleko 17 eta 19 zenbakietan dauden eraikinen egoera txarrak, eta 21 zenbakiko etxebizitza desagertu izanak, premiazkoa bihurtu dute ingurua berroneratzeko esku-hartze bat egitea. Aldaketa honek erantzun egiten dio eraikin horietako auzokide batzuek adierazitako premiari, planeamendu berri baten beharra baitzuten beren etxebizitzen arazoak konpondu ahal izateko”.
Nabarmendu dutenez, HAPOren aldaketa puntualaren proposamenari lotutako dokumentazio guztia udal-webgunean argitaratuko da, eta udal-bulegoetan ere eskuragarri ipiniko dute Edozein modutan ere, aurrera egin dezan Udalbatzak onartu beharko du, “aurki egingo den ezohiko batzar batean”.
AIBE lantegia izandakoa birgaitzea
Agerraldian gogora ekarri dutenez, “hau guztia gehitu behar zaio auzoan lehendik dauden etxebizitzak birgaitzeko martxan dagoen egitasmoari (221 etxebizitza, Txonta kaleko 2, 3, 5, 15, 17, 25, 27, 29, 36, 38, 40, 42, 44, 46, 48, 50 eta 52 zenbakietan kokatuak). Proiektu hau ia amaitzear dago eta Eusko Jaurlaritzak, Eibarko Udalak eta Next Generation funtsek finantzatzen dute”. Hasiera batean, Txonta birgaitzeko proiektua auzoko 17 pegora eta 224 etxebizitzatarako zen, baina bi pegorak bat ez egitea erabaki zutenez, azkenean 187 etxebizitzari eragingo die proiektuak.
Eusko Jaurlaritzako Ingurumen, Lurralde Plangintza eta Etxebizitza Sailak 2017ko amaieran Txonta auzoari 2.300.000 euro eman zizkion (zenbateko hori 2.535.000 euroraino gehitu zen 2020ko uztailean), Next Generation funtsetatik 2.150.000 euro etorri ziren, eta Eibarko Udalak 400.000 euroko ekarpen gehigarria egin du, birgaitze-obrak egiteko jabeen erkidegoei aitortutako gainerako dirulaguntzen zenbatekoa aurreikusitako partiden zenbatekoaren (BEZ barne) %60 baino txikiagoa den kasuetarako. Beraz, eta azpimarratu dutenez, “auzoan jada 5.000.000 euro inguruko inbertsio bat egin da”.
Bestalde, EUROPAN 17 proiektuaren barruan, AIBE enpresak Gisastubide kalean zuen eraikin zaharra birgaitzea eta gazteentzako zuzkidura-bizitoki bihurtzea aurreikusita dagoela adierazi dute: “Eusko Jaurlaritzako Etxebizitza Saila arduratuko da proiektu hori gauzatzeaz, eta, horretarako gestioak egiten ari da udal-gobernua gaur egun”.