Eibarko Hiria 38. Xake Txapelketa jokatuko da zapatuan Untzagan

Euskal Herri guztiko 20 taldek hartuko dute parte
Eibarko Hiria 38. Xake Txapelketa jokatuko da zapatuan Untzagan
2024/06/26 11:40
eta kitto!

Zapatuan arratsaldeko 16:30etik aurrera jokatuko da Untzaga plazan Jose Mari Kruzetaren omenezko Eibarko Hiria 38. Xake Txapelketa. Eibarko Klub Deportiboak antolatutzen duen lehiaketa horretan Euskal Herri guztiko 20 taldek hartuko dute parte, arratsalde guztian zehar, 5 minutuko partidak jokatzeko. Partida modalitate hori xakeak duen bizi eta ikusgarriena da, minutu gutxiren buruan amaitu behar izaten baitute partida jokalariek.

Untzagan izango dira azken edizioetako txapeldunak, Donostiako Gros Xake Taldea edo Errenteriako Fomento Cultural, kasu; eta baita Arrasate, Hondarribia, Beasain edo Gasteizko taldeak ere, batzuk besterik ez aipatzearren. Partidak Untzaga plazan jokatuko dira, horrela Klub Deportiboak duen xakea kalera ateratzeko helburua betez. Eguraldiak lagunduko ez balu, Udaletxearen arkupean jokatuko lirateke.