Eibarko Hiria Memoria Demokratikoaren Leku izendatu dute
Espainiako Gobernuak eta Eibarko Udalak Eibarko Hiria Memoria Demokratikoaren Leku izendatzen duen oroitzapenezko plaka jarri dute udaletxeko fatxadan, gaur goizean Untzaga plazak hartu duen ekitaldi instituzionalean. Gure herriari egin zaion aitortza hori aurreko astelehenean argitaratu zen Estatuko Aldizkari Ofizialean. Gaurko ekitaldian Espainiako Gobernuko eta Eusko Jaurlaritzako ordezkariek hartu dute parte, Eibarko udal ordezkariekin batera. Horrela, Eibarrekin lotura berezia duen Pablo Bustinduy (1931ko apirilaren 14an Bigarren Errepublika aldarrikatu zenean, Eibarko zinegotzia zen Gregorio Bustinduyren biloba da) Gizarte Eskubide, Kontsumo eta 2030 Agendako ministroa, Fernando Martinez Memoria Demokratikoaren Estatuko idazkaria, Jon Iraola Eibarko alkatea, Marisol Garmendia Espainiako Gobernuko Euskal Herriko ordezkaria eta Arritxu Marañon Eusko Jaurlaritzako Giza Eskubideen, Memoriaren eta Bizikidetzaren Sailburuordea izan dira ekitaldian, beste hainbat agintari, erakunde-ordezkari eta herriko elkarte memorialistarekin batera.






































